Eskozia

Eskoziako botere itzulketan "traizio" egin diezaieketela uste du Salmondek

Erreferendumerako kanpainaren azken txanpan egin zuten unionistek eskaintza, ezezkoak irabaziz gero Eskoziari eskumen berriak emateko.

Eskoziari agindutako botereak nola transferitu eztabaidatuko du Erresuma Batuko Komunen ganberak, Londresen. FACUNDO ARRIZABALAGA / EFE
2014ko urriaren 14a
07:41
Entzun

Alex Salmond Eskoziako lehen ministroa ez da fio David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroaz eta alderdi kontserbadoreaz. Uste du hartutako konpromisoei "traizio egiteko" prestatzen ari direla: "Jendeak ez du konfiantzarik tori-engan, eta oso haserre daude hartutako konpromisoen traizioa dirudien horrekin". Joan den irailaren 18ko Eskoziako erreferendumean ezetzaren garaipenak ekarritako ondorioak aztergai izan dituzte diputatu britainiarrek Erresuma Batuko Komunen Ganberan.

Atzo aurkeztu zuen Alistair Carmichael Eskoziarako Erresuma Batuko estatu idazkariak Eskoziari eskumen berriak emateko plana. Neurrien artean, Edinburgori fiskalitate arloan askatasun handiagoa ematea aurreikusten du txostenak.

Irailaren 18an egindako erreferendumean, independentziaren aurkako jarrera izan zen nagusi, botoen %54,6 eskuratuta. Biharamunean, Eskoziaren autonomia zabaltzeko eskaintza berretsi zuen Erresuma Batuko lehen ministroak, David Cameronek.

Eskoziarekin batera, gainera, Ingalaterrari, Galesi eta Ipar Irlandari ere eskumen berriak emateko proposamena egin zuen Cameronek. Eskaintza ez dute begi onez ikusi laboristek, indar gutxi edukiko luketelako Ingalaterrako balizko parlamentu batean, kontserbadoreen mesedetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.