mundua

Eskoziaren independentziari buruzkoa izango da erreferenduma

Alex Salmond lehen ministroak gaur eman ditu 2014ko galdeketari buruzko azalpenak. Erresuma Batuarekin bandera, monarkia eta defentsa partekatzen segitzearen alde egin du. Eskozian bizi diren 16 urtetik gorako lagunek edukiko dute parte hartzeko aukera. Bi urte barruko udazkenean izango da galdeketa.

2012ko urtarrilaren 25a
16:54
Entzun

Eskozia herrialde independentea izatearekin ados al zaude? Hori izango da 2014ko erreferendumean eskoziarrek erantzun beharreko galdera, gaur Alex Salmond lehen ministroak iragarritakoaren arabera. "Gure etorkizuna da, gure aukera", esan du. Edinburgon eman ditu azalpenak.

Salmondek, dena dela, azaldu du devo max aukeraren alde egiten duela; alegia, Erresuma Batuarekin bandera, monarkia eta defentsa partekatzen segitzearen aldekoa dela.

2014ko udazkenean izango da galdeketa, eta Eskozian bizi diren 16 urtetik gorako lagunek edukiko dute parte hartzeko aukera. "Eskoziaren azken 300 urteetatako erabakirik garrantzitsuena izango da", adierazi du lehen ministroak.

Urte hasieran David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak aurrea hartu nahi izan zion Eskoziako Gobernuari kontsulta egiteko proposamena eginez, baina hori egiteko baldintzak ezarrita: galdera bakarra eta "argia" egitea, eta kontsulta 2013ko ekaina baino lehen burutzea.

2014a urte sinbolikoa da Eskoziarentzat, Bannockburneko batailaren 700. urteurrena beteko baita. Gudaldi hartan garaipen garrantzitsua lortu zuen Ingalaterraren aurka, Eskoziaren independentziaren gerren barruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.