Eskozia

Eskoziarentzat "aldaketa konstituzionala" proposatu dute laboristek

Eskoziaren autonomia "handitzeko" sei neurri proposatu ditu Gordon Brownek, "nazioen gizarte bat" sortuko lukeen lege baten bidez.

Gordon Brown, iaz, hezkuntzaren inguruan Bruselan egindako konferentzia batean. JULIEN WARNAND, EFE
Maialen Unanue
2014ko martxoaren 10a
17:46
Entzun

Eskozia Erresuma Batutik ez independizatzeko, horren autonomia "handituko" luketen neurriak proposatu ditu Gordon Brown lehen ministro ohiak. "Aldaketa konstituzional baten" bidez, independentziaren "alternatiba" bat proposatu du. Brownen arabera, konstituzioan "nazioen gizarte bat" sortuko lukeen lege bat sartuz lor liteke aldaketa hori, baliabideak eta eskumenak "modu bidezkoan" banatzeko, hala, zentralismoa gutxituz.

Eskoziako Parlamentuaren iraunkortasuna lege bidez babestea da Brownek iragarritako neurrietako bat. Horrez gain, Eskoziari eskumen gehiago emateaz hitz egin du, enpleguari, osasunari, garraioari eta erregenerazio ekonomikoari dagokienez. Inbertsio publikoak banatzeko eta justifikatzeko itun fiskala eta pobrezia eta langabezia bezalako gaietan bien arteko elkarlana eragingo luketen akordio gehiago egon daitezkeela adierazi du Brownek. Eskoziari eskumen gehiago ematea "Erresuma Batu federalerako" pausoa izan daitekeela nabarmendu du.

Lehen ministro ohiaren arabera, eskoziar gehienek "ez dute banaketa nahi", baina bai "aldaketa": "Sei hilabete falta dira erreferendumerako, eta bada garaia aldaketa hori zehazteko".

Irailaren 18an egingo dute erreferenduma. "Eskoziak herrialde independentea izan behar al luke?" galderari erantzun beharko diote bozetara deitutakoek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.