VENEZUELA

Esku hartze militarrarekin mehatxatu du Trumpek Venezuela

"Venezuelarako aukera ugari ditugu, baita aukera militarra ere, beharrezkoa bada", esan du Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak.

Donald Trump AEBetako presidentea. MICHAEL REYNOLDS / EFE
2017ko abuztuaren 12a
17:10
Entzun

Ipar Korearekiko tentsioa haztearekin nahikoa ez, eta Venezuelan esku hartze militarra egiteko aukeraz jardun du Donald Trump AEBetako presidenteak. Rex Tillerson Estatu idazkaria, Herbert Raymond Segurtasun Nazionalerako aholkularia eta Nikki Haley Nazio Batuen Erakundean AEBetako ordezkaria dena alboan zituela, Trumpek ez du baztertu Venezuelan indarrez jardutea: "Tropak ditugu mundu osoan zehar, baita oso leku urrunetan ere. Venezuela ez dago oso urrun, eta jendea sufritzen eta hiltzen ari da".

Venezuela "arazo oso arriskutsu batean" dagoela uste du Trumpek. Gobernu aldaketarekin, AEBek gogortu egin dute Venezuelarekiko jarrera, eta presioek gora egin dute uztailaren 30eko hauteskundeak gerturatu ahala. AEBek ez dute aitortzen Biltzar Konstituziogilerako hauteskundeen emaitza, eta "diktadore" esan zion Trumpek Nicolas Maduro Venezuelako presidenteari duela egun batzuk. Gainera, bozen ondoren, Washingtonek hainbat zigor ezarri dizkie Venezuelako funtzionario ugariri; besteak beste, Adan Chavezi, Hugo Chavez presidentea zenaren anaiari.

Madurori ere ezarri diote zigorra AEBek. Zigor horien ondorioak dira, besteak beste, AEBetan izan ditzakeen aktiboak izoztea eta Madurori herrialde horretan sartzea debekatzea.

Tillerson ere mintzatu da Venezuelaz. Esan duenez, "aukera politiko guztiak aztertzen"  ari dira Venezuelan "baldintza aldaketa bat sortzeko". Hala ere, Trumpen adierazpenen ostean, Pentagonoak azaldu du ez duela ezein agindurik jaso Venezuelaren inguruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.