Barack Obama AEBetako presidenteak herenegun adierazi zuen Sirian arma kimikoak erabiltzea «marra gorria gurutzatzea» dela, eta muga hori gurutzatuz gero Washingtonek militarki esku hartuko duela ohartarazi zion Damaskori. Adierazpenek erreakzio katea eragin dute. Siriako Gobernuak, esaterako, esku hartze militarra «ezinezkoa» dela erantzun du, gatazka ekarriko lukeelako inguruko herrialdeekin. Qadril Jamil Siriako lehen ministrordeak erasotzeko «aitzakia bila» aritzea leporatu die Mendebaldeko herrialdeei. Zehazki, salatu du Obamak arma kimikoen erabilpena aipatu izana Irak erasotzeko baliatutako metodoa errepikatzea dela, eta «hauteskunde kanpainarako aprobetxatzea» leporatu dio Obamari.
Errusiako Gobernuak, bestalde, Mendebaldeko herrialdeei ohartarazi die «Siriaren aurkako alde bakarreko erasoa» etor daitekeela. Sergei Lavrov Atzerri ministroak jakinarazi du Errusia eta Txina bat eginda daudela «nazioarteko araudia ez haustearen alde». Bi herrialdeak NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluko kide iraunkorrak dira, eta Baxar al-Assad Siriako presidentea estuago hartzeko hiru ebazpenen aurka egin izan dute.
AEBen esku hartze militarra «alde bakarreko erasoa» litzatekeela salatzeaz gain, Lavrovek Al-Assaden gobernuari eskatu dio urrats gehiago egin ditzala oposizioari gerturatzeko. Jakinarazi du Siriako herritarren gehiengoa ez dagoela «gustura» herrialdeko egungo egoerarekin, eta «lehen helburua adiskidetze nazionala» dela nabarmendu du Moskuko ordezkariak. Hain justu, Siriako Adiskidetze Nazionaleko ministro Ali Haidarrek armak uzteko deia egin dio oposizioari, «egoera arruntera» itzuli ahal izateko eta arazo politikoak konpontzeko. Armak entregatuz gero negoziazio prozesuan «beste gai guztiez» hitz egiteko prest daudela azaldu du Haidarrek, «baita dimisio kontuez ere». Bestalde, François Hollande Frantziako presidentearekin bildu ostean, SNC Siriako Kontseilu Nazionaleko presidente Abde Basset Saydak Parisen adierazi du «trantsiziorako gobernu bat» osatzeko asmoa dutela.
Obamak Siriari eraso egiteko mehatxua egin badu ere esku hartze militarrak Irani begirako helburuak dituela azaleratu dute askok. «Teherango bidea Damaskotik hasten da», nabarmendu izan du behin baino gehiagotan Otawako Unibertsitateko ekonomia irakasle Michel Chossudovskyk. Adierazpen horrek radokitzen du Mendebaldeko herrialdeek Siriako oposizioa babestuz gobernuaren aurkako konplota prestatu dutela. Martxo amaieran, esaterako, Mossad Israelgo zerbitzu sekretuen babespean Siriako erreboltarientzako armak zeramatzaten Frantziako hemezortzi militar eta Turkiako beste 49 atxilotu zituztela argitaratu zuen Haaretz egunkariak.
The Washington Post AEBetako egunkariko editoreorde Jackson Diehlek, berriz, AEBek Siriarekin eta Iranekin dituzten gatazken arteko «ageriko lotura» nabarmendu zuen ekainean. Iran da Al-Assaden gobernuaren aliatu nagusia, eta aliantza horrek ematen dio indarra Teherani Ekialde Hurbilean. Siria paretik kenduz gero, Israeli desafio egiteko Iranen gaitasuna gutxituko litzateke. Hain justu, Washingtongo Defentsa departamentuko komandante James Mattis jeneralak martxoan adierazi zuen Al-Assad erortzea «azken 25 urteetako atzerapauso estrategikorik handiena» litzatekeela Iranentzat. Are gehiago, Deihlek azaldu du arrazoi humanitarioek baino «pisu handiagoa» dutela AEBek eta Israelek Ekialde Hurbilean dituzten interesek Sirian militarki esku hartzeko.
Hala ere, zenbait aditu Irani zuzenean erasotzeko aukeraz mintzatu dira, eta epe modura urria markatu dute. Jacob Heilbrunn analistak The National Interest aldizkarian abuztu hasieran argitaratu zuen Obamak urrian Irani eraso egingo balio azaroko presidentetzarako hauteskundeetan «erraz irabaztea» bermatuko lukeela. Heilbrunnen arabera, Mitt Romney hautagai errepublikanoaren akusazioak isilaraziko lituzke horrela AEBetako presidenteak, Romneyk «atzerri politika ahula» egiten aritzea leporatu baitio Obamari. Lehiakide errepublikanoak arma nuklearrak erabiltzeko Irango Gobernuaren asmoaren aurka «neurri guztiak» baliatzearen alde egiten du, baina Obamak itxaron eta urrian gogor joko duela uste du analistak.
Ekialde Hurbil Handia
AEBen atzerri politikaren inguruan, Hillary Clinton Estatu idazkariak uztailean Egipton adierazi zuen «azken 236 urteetan Washingtonek leku guztietan demokrazia» babestu duela. Baina uztailean, Italiako Il Manifiesto egunkarian Manlio Dinucci politologoak zalantzan jarri du baieztapena, eta gogora ekarri du 1940ra bitartean AEBek 160 esku hartze militarretik gora egin zituztela. Horrekin lotuta, George W. Bush presidente ohiak abiatutako Ekialde Hurbil Handia egitasmoari jarraipena ematen aritzea leporatu dio Obamari, eta gaineratu du Txina eta Errusia desafiatu dituela.
Libiako eredua Sirian ezartzeko Washingtonen asmoaz ere mintzatu da Dinucci. «Sistema demokratikoa» ezartzeko aitzakian Libiako esku hartze militarra «Washingtoni leialak diren politikariak agintean ezartzeko» zela salatu du politologoak. Zehazki, Danuccik uste du espero zela hauteskundeetan Mahmud Jibrilek irabaziko zuela. AEBetan ikasitako ekonomista bat da Jibril, eta New York Times egunkariak, Etxe Zuriko iturriak aipatuta, iazko martxoan aurreikusi zuen «AEBetako esku hartze militarrak Muammar Gaddafi botaz gero Jibril Libiako buru» izango zela. Danuccirenx arabera, Libiako eredua baliatu nahi du Washingtonek «beste estatu batzuk suntsitzeko»; horien artean, Siria eta Iran.
Esku hartzearen itzal luzea
Siriako lehen ministroak esku hartze militarrerako «aitzakia bila» aritzea leporatu die Mendebaldeko herrialdeeiErrusiako Gobernuak «alde bakarreko» erasoaren arriskuaz ohartarazi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu