Gaur aurkeztu dute erakundea Sant Jaume plazan, Bartzelonan. Finantzaketa eta legedi aldetik pribatua izango den heinean, Aragonesek azaldu du "eskuak lbre" izango dituela erakunde berriak. Dena den, Generalitateko presidenteordeak nabarmendu du "konplizitate politikoa" mantenduko duela Generalitatearekin eta parlamentuko gehiengo independentistarekin. Erakundeak helburu gisa jarri ditu prozesu independentista nazioartean zabaltzea eta autodeterminazio eskubidea defendatzea.
Besteak beste, Carles Puigdemontek bultzatu du Errepublikaren Kontseilua —BERRIAk bihar argitaratuko dute hari egindako elkarrizketa—. Gaurko agerraldian ere parte hartu du bidekonferentzia bidez —Bruselan dago—, eta jakinarazi du herritarrek aukera izango dutela erakundean izena emateko. "Beren konpromiso aktiboarekin, parte hartuko dute Errepublika eraikitzen", esan du Puigdemontek: "Herrialde hobea nahi badugu, hasieratik behar dugu parte hartze hobea eta gure hiritarrek gaitasun gehiago izatea erabakitzeko".
Toni Comin kontseilari ohia ere Puigdemontekin batera agertu da bideokonferentziaz, eta ekitaldian parte hartu dute Kataluniako Generalitateko presidente Quim Torrak eta presidenteorde Pere Aragonesek ere. Gaur jakin denez, Torra Euskal Herrian izango da azaroaren 14an. Bertan izan dira ANCko, Omniun elkarteko eta AMI Udalerri Independenteen Asanbleako ordezkariak ere.
Hain zuzen, ANCko presidente Elisenda Paluziek erakunde "eraginkor" bat izateko eskatu dio Errepublikaren Kontseiluari, eta "ondo koordinatzeko" Torraren gobernuarekin.
Goizean, Kataluniako Generalitateko bozeramaile Elsa Artadik ere aurreratu du Errepublikaren Kontseilua erakunde "pribatua" izango dela; hau da, ez dela Generalitatearen parte izango, eta “aparteko” funtzionamendua izango duela, nahiz eta instituzio harekin harremanak izan.
Crida Nacional per la Republica mugimenduak deituta egin dute gaurko ekitaldia. Larunbatean egin zuten sortze batzarra.
Sanchezen agerraldia
Espainiako presidente Pedro Sanchezek, bestalde, jakinarazi du “laster” agerraldia egingo duela Kongresuan, Kataluniari buruzko eztabaida monografiko batean. Interesez hartu du berri hori Kataluniako Generalitateak: “Argitasuna eskatzen dugu, politikoa den gatazka bati konponbide politikoak bilatzeko”.