Eskualdean «erabateko gerra» pizteko beldur da Israelgo armada

Tel Aviven kontrako «borroka handia» hasteko arrazoirik ez dagoela erantzun dio Defentsa ministroak

Jon Fernandez.
2011ko irailaren 7a
00:00
Entzun
«Ekialde Hurbilean gero eta arrisku handiagoa dago erabateko gerra pizteko. Errukirik gabeko borroka izango da, eta bertan suntsipen handiko armak erabiltzeko arriskua ere badago». Oso beltz ikusten du eskualdearen etorkizuna Eyal Eisenberg Israelgo armadako Atzeragoardia Komandantetzako arduradunak.

«Libanon indartzen ari da Hezbola, gobernuaren besoetan, eta Israeli kalte egin nahian dabil oraindik ere; Turkiarekin ditugun harremanak ez daude onenean; Iranek buru-belarri segitzen du programa nuklearrarekin; eta Egiptorekin dugun muga terrorismoaren muga bilakatu da gure armadak Sinairen kontrola galdu duenetik». Tel Aviveko Segurtasun Nazionalaren Ikerketa Institutuan egin du Eisenbergek egoeraren analisia.

Ehud Barak Israelgo Defentsa ministroak berehala erantzun dio. «Gure etsaiek badakite zergatik ezin duten pentsatu ere egin gure kontra arma kimikoak erabiltzea. Ez dute horrelakorik egingo, ez orain eta ezta etorkizunean ere. Ez dago inolako arrazoirik Israelen kontrako borroka handia hasteko».

Azken hilabeteetan aliatu nagusi zituen bi herrialdeen babesa galdu du Israelek. Hosni Mubarak erorita, Egiptoren babesa galdu du, eta Askatasunaren Flotillaren harira, berriz, Turkiarena. Datozen asteetan palestinarrek NBEren aitorpena jasotzeak ere zaildu egin dezake Israelen egoera eskualdean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.