«Demokrazia ereduak» aztertzea da Asier Blas politologo eta EHUko irakaslearen espezialitatea (Donostia, 1977). Ikerketa horrek Europa ekialdera eraman du maiz, eta eremu horretako herrialdeen politikan aditua da. Ukraina bertatik bertara ezagutzen du, eta arreta handiarekin aztertu du azarotik gertatutakoa. Horregatik, Eusko Legebiltzarraren Europako Gaien eta Kanpo Harremanen Batzordean agerraldia egin zuen atzo, EH Bilduk gonbidatuta.
Ukrainako botere aldaketa estatu kolpe bat izan da?
Nabarmen, eta gertakariek erakusten dute hori. Otsailaren 21ean akordio batera iritsi ziren, baina akordio hori gezur batean sostengatu zuten. Hau da, Janukovitxi presio egin zitzaion Kieven izan ziren hildakoengatik, baina Catherine Ashton eta Estoniako Atzerri ministroaren elkarrizketari esker badakigu susmo nagusiena dela protestan ari zirenen arteko sektore batek egin ziela tiro poliziei eta manifestariei. Naomi Kleinek bere liburuan oso ondo azaltzen duen shock doktrina aplikatu zuten. Shock bat sortu zuten. Janukovitx egin zuten hilketen erantzule, nazioartean sekulako presioa egin zitzaion eta horrela egin zuten batasuneko gobernu bat osatu eta hauteskundeak deitzeko akordioa.
Polizia erretiratzea ere adostu zuten.
Eta Polizia erretiratzean, ostiraletik larunbaterako gauean eskuin muturreko paramilitarrek parlamentua hartu zuten. Horren ostean, estatuburuak ihes egin zuen, eta gero ikusi genuen arrazoirik ere bazuela horretarako, ze bere etxea okupatu zuten. Ehun diputatu baino gehiagok ere ihes egin zuten, eta hortik aurrera hartu zituen parlamentuak erabakiak. 2004ko konstituzioa ezin zen goizetik gauera ezarri, baina parlamentu kolpistak esan zuen jada indarrean zegoela, eta presidenteari impeachment [kargugabetze] prozesu bat hasiko ziola, 2004ko konstituzioan oinarrituta. Horren 111. artikuluan zehazten da impeachment prozesua, eta ibilbide luze bat ireki behar da: batzorde bat sortu, parlamentuaren bi herenek ondorioak onartu, Auzitegi Gorenera jo... baina di-da egin zuten, eta kontuan hartu behar dena, parlamentua paramilitarrek inguratuta zeukatela.
Eskuin muturra erabakigarria izan da?
Azkenean beraiek izan dira estatu kolpea eman dutenak. Haiek egon ez balira eta asaltoa egin ez balute, seguruenik ez zegokeen estatu kolperik.
Ukrainako eskuin muturra nolatan indartu da horrela?
Ez da gauza berria. 2012ko abenduan Europako Parlamentuak gaitzetsi egin zuen Svoboda alderdia, faxista, antisemita eta arrazista izateagatik, eta AEBek ere antzeko adierazpen bat egin zuten 2013ko ekainean, baina orain Svobodak ministerioak dauzka gobernuan. Gero beste talde batzuk agertu dira orain arte bakarrik paramilitarki antolatuta zeudenak, are faxistagoak. Sobietar Batasuna erori ondoren, batez ere Ukrainako mendebaldean beti egon da nazismoaren inguruko mugimendu txiki baina esanguratsu bat, etengabeko hazkundean, eta orain protagonismoa hartu dute. Orain, litekeena da hauteskundeetan gora egitea.
Eskuin muturra Europako Batasunarentzat elementu deserosoa al da?
Nik uste hori nabarmena dela, bi Ukrainen arteko negoziazio bat lortzeko traba bilakatu baitira. Ez balira existituko, segur aski Europako Batasunak hobeki saldu ahal izango luke Ukrainakoa demokraten eta errusiar autoritarioen arteko borroka bat bezala.
Mendebaldeak bloke bakartzat jokatu al du?
Europako Batasunak eta AEBek interes komunak dituzte epe luzera, baina epe motzera ez hainbeste. Europako Batasunak harreman ekonomiko handia du Errusiarekin eta gasaren dependentzia dauka. Horregatik, AEBek jarrera askozaz bortitzagoa dauka, eta hori ongi azaldu zuen Nulandek [AEBetako Estatu Departamentuko ordezkariak]. Grabazio horretan, 1991tik Ukrainan gobernuz kanpoko erakundeetan 5.000 milioi dolar inbertitu zituztela esan zuenean.
Zein irtenbide izan lezake gatazkak?
Beti da arriskutsua hipotesiak planteatzea, baina hiru aukera ikusten ditut. Lehenengoa litzateke gobernuko kolpistak nagusitzea. Hori gertatuz gero, Ukrainak Krimea galdu egingo luke seguru, baina gainontzekoa mantendu. Akaso, Donetskeko eskualdearekin izan lezake arazoren bat, errusiera hiztunen kopurua oso handia baita, baina egin lezake akordioren bat bertako oligarkiarekin eta Ukrainan mantendu. Bigarren hipotesia gerra bat litzateke, edo, behintzat, gatazka beste maila batetara igotzea. Horren ondorioa litzateke Ukraina bi estatutan zatitzea: mendebaldean bata, eta ekialdean eta hegoaldean bestea. Orduan, Odesa litzateke gakoa.
Zergatik Odesa?
Odesak errusiera hiztun kopuru oso handia dauka eta errusiar hiritzat har liteke, baina mendebaldean dago. Eta mendebaldeari interesatzen zaiona Odesako portua da. Itsaso Beltzean zehar Georgiatik Odesara lehengaiak esportatu litezke, Errusia eta Ukraina ekialdea saihestuta. Georgia Azerbaijani lotuta dago lurretik, eta Azerbaijanen oso gobernu yankizalea dago orain. Eta Azerbaijandik petrolioa, gasa eta beste hainbat lehengai iris litezke. Horregatik, Odesan egon liteke borroka handiena.
Eta hirugarren hipotesia?
Nire ustez, posibleena: akordio batera iristea. Horrela ulertu behar da seguruenik Krimean gertatzen ari dena, gertakariak behartuz jokatzeko karta bat izango baitute errusiarrek eta Krimeako agintariek Ukrainaren federalizazio bat eskatzeko. Akordio bat egongo balitz boterea partekatu beharko lukete mendebaldeko eta ekialdeko agintariek behintzat hauteskundeak egin arte, eta gero federalizazio bat egin Ukraina osoan. Nik uste, federalizazio asimetriko bat, hau da, aniztasun etniko-nazionalera eta eskualdeen orientazio politiko ezberdinetara egokituko den federalizazioa. Horrela, nahiz eta Kieven zure aukera politikoa ez egon, zure eskualdean eduki dezakezu, eta eskualdeak eskumenak edukita, talka lausotu dezake.
Dena den, akordio hori egiteko kanpoko potentziek ere adostu beharko lukete sokatiraren bukaera.
Ekialde eta mendebalde diodanean, ez diot bakarrik Ukrainako ekialdea eta mendebaldea, Errusiari eta bereziki Europako Batasunari buruz ere ari naiz. AEBek daukate interes gutxien balizko akordio horrekin.