Italiako Florentzia hirian 50 urteko gizonezko batek bi lagun tiroz hil, bertze hiru zauritu, eta ondoren bere buruaz bertze egin zuen atzo. Biktimak etorkin senegaldarrak dira, eta, Poliziaren arabera, erasotzailea Gianluca Casseri eskuin muturreko taldeetako militantea zen.
Italiako hedabideek Poliziarengandik eta lekukoengandik bildutakoaren arabera, erasotzailea autoz gerturatu zen Florentziako Dalmazia plazara, eta errebolber batekin hiru saltzaile ibiltariren aurka tiro egin zuen, haietako bi hilez eta bat zaurituz. Ondoren hiriaren erdiguneko San Lorenzo plazara joan zen, eta Senegalgo bertze bi etorkin tiroka zauritu zituen. La Reppublica egunkariaren arabera, Polizia gerturatu zenean tiroketa izan zuen Casserirekin, eta agente bat larri zauritu zuen. Erasotzaileak, berriz, bere buruaz bertze egin zuen bularrean tiro eginda, iturri horren arabera. Giuseppe Quatrocchi Florentziako fiskalak azaldu du Polizia «esku hartzen» ikusi zuenean erabaki zuela Casserik bere buruaz bertze egitea.
Senegaldarren protesta
Hildakoak Modou Samb 40 urtekoa eta Mor Diop 54koa dira. Haien heriotzen ondoren, etorkin senegaldar gehiago bildu eta Dalmazia plazatik Florentziaren erdigunera protestarako martxa abiarazi zuten, «lotsa, lotsa» oihukatuz eta arrazakeria salatuz. Bidean jakin zuten San Lorenzo plazan bertze hiru herrikide tirokatu zituztela, eta Poliziarekin tentsio uneak izan ziren.
Eskuin muturreko kide batek bi etorkin tiroz hil ditu Italian
Florentzian izan da erasoa; saltzaile ibiltari senegaldarrak izan ditu helburu erasotzaileak; hiru lagun zauritu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu