ESKUIN MUTURREKO TALDEEN GORAKADA. Gorroto zaharren erro berriak

Europako eta AEBetako eskuin muturreko taldeen loraldiak adi jarri ditu arrazakeriaren kontrako taldeak

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2009ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Errumaniarrak hasi dira Irlanda iparraldetik joaten. 25 pertsonak alde egin dute, eta beste 75ek aste honetan alde egingo dute, ez dutelako jasan gazte «arrazisten» presioa. Joan den astean hainbat egunetan hogei bat gaztek 114 errumaniarri eraso zieten, etxeetako beirak hautsi eta mehatxatu, alde egiteko exijituz, Irlandan ez direlako ongi etorriak. Astebete eliza batean babes hartuta egon ondoren, Ipar Irlandako Gobernuak ordaindu die bidaia txartela, eta gertatutakoa, «asko sentitu» arren, ezin izan dute saihestu.

Poliziak ez zuela garaiz erantzun salatu dute errumaniarren Belfasteko auzokoek, gazteok paramilitar loialistekin lotura dutela ere esan dute, baina, Poliziaren ustez, «gazte arrazistak baino ez dira». Gertatutakoak horrelako gehiago ekar ditzake; ekintzok emaitza dutela ikusita, eta erakunde faxistok haziz doazelako, kezkaturik agertu dira Wiesenthal zentroa, neonazien jarduerak salatzen dituen gunea, eta United, arrazismoaren eta xenofobiaren aurkako Europako taldeen erakundea.

XX. mendeko azken hamarkadatik gaurdaino eskuin muturreko taldeak ugarituz joan dira Mendebaldeko gizarteetan.Etengabe, geldiezin eta tartean-tartean nabarmen egiten dute gora, Uniteden txostenaren arabera; inoiz ez behera. Skinhead-ek, neonaziek, falangistek, eskuin muturreko «goiaingeru»homofoboek, Errusiatik Espainiara, Europa osoa zeharkatzen dute. Faxisten belaunaldi berrituak indarra hartu du, edozein dela herrialdea, hiri handietako auzoetan.

Krisian dauden gizarteetan gazte askorentzat proposamen erradikala eta erakargarria izaten da. Mezu politikoetan Hitler, Mussolini edota Corneliu Codreanu goraipatzen dituzte, eta indarkeria da zurien nagusitasuna lortzeko bitartekoa. Gazteenak euretara biltzen dituztenean ideologia nazionalsozialistaz hornitzen dituzte. «15 urteko gaur egungo skinak bihar 20 urteko nazionalsozialistak izango dira», esaten dute neonazien teorikoek. 1.600 bat talde arrazista eta neonazi daude Europa osoan, eta 600 eraso baino gehiago egiten dituzte egunean, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren iazko datuek diotenez.

Egungo politikariek ez dute gaia osorik hartzen, hala salatu dute giza eskubideen taldeek, eta Irlandakoa bezalakoak kasu bakanak direla esaten duten bitartean, azken belaunaldiko faxistak beisbol batearekin eta eskumutur amerikarrekin paseatzen dira; odola isurtzen dute, eta nahierara dabiltza, lasai-lasai, Internet bidez, «gizaki berriaren bila».

Interneten topatu dute paradisua; nazioartekotu egin du haien jarduna, armak nola egin, nola eraso esaten diote elkarri, eta harribitxi ideologikoak trukatzen dituzte.

Krisian dauden herri garatuetako langabeak izaten dira askotan, etorkizunik ez dagoela pentsatzen dutenak. Beltzak, juduak, ijitoak, emakumeak, homosexualak -alegia, gizon zuri heterosexualak ez diren guztiak- demokraziarekin eroso daudela uste dute, eta horiek harrapatzera ateratzen dira, nagusigoa erakustera; sistema demokratikoa zapuztea dute helburu.

Gero eta ordezkaritza handiagoa dute gobernuetan, gainera. Europako Legebiltzarreko hauteskundeak egin berritan, gainera, inoiz baino eserleku gehiago lortu dituzte. Wiesenthal zentroaren arabera, 736 eurodiputatuetatik 40 inguru dira eskuin muturreko ordezkariak, baina ezinezkoa da kopuru jakin bat ematea, eskuin muturrean sartzeko neurria erabakitzerakoan ez direlako ados jartzen. Europako Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Agentzia ikertzen ari da gorroto plataforma baten oinarrian eraiki diren alderdien kanpainetan, promozioan eta finantzaketan manipulaziorik egon den, baina ikusi beharko da alderdiok legez kanpo uzteko modua egiten duten.

AEBetan, kezkaturik

Barack Obama presidente denetik, eta krisi ekonomikoak ere eraginda, AEBetako eskuin muturreko taldeen goranzko joera nabarmen hazi da. «Hiltzaile hauek bakarrik lan egiten dute, baina denek dute eragina gorrotoak mugitzen dituen taldeekin, eta orain Interneten, kable bidezko telebistan eta irratietan topatu dituzte komunikatzeko lekuak, eta izugarria da lortzen ari diren oihartzuna». Richard Cohenen hitzak dira horiek, Southern Poverti Law Centerreko presidentearenak. Arrazisten kontrako lege prozesuak eramaten dituzte, eta kasu guztiak salatzeaz arduratzen dira. «Obama presidentearen kontra, latinoen kontra eta beraiek bezalakoak ez direnen kontra erretorika histerikoa erabiltzen dute, eta azkenaldian inoiz baino hilketa gehiago gertatzen ari dira».

Joan den apirilean AEBetako Barne Segurtasunerako Departamentuak txostena kaleratu zuen eskuin muturreko taldeen inguruan, eta egungo klima ekonomikoak eta politikoak taldeok indartu dituela ohartarazi. Hainbat estatutan armen erosketa kontrolatuko dutela jakitean armak pilatu dituztela dio txostenak, eta egungo administrazioaren kontra atentatua egiteko mehatxua hor dagoela. Azkenaldian Afganistandik eta Iraketik iritsi diren militarrak ere talde horietan sartzen ari dira, armak erabiltzen adituak dira, eta bizitza zibilean zer egin ez dakitenak.





Europarren eskuinerako joerak

Ehunka dira Europan eskuin muturreko ideologia duten taldeak, baina gutxi batzuk Parlamentuan ordezkaritza lortu dutenak. Horietatik nagusiak dira ondorengoak.

Polonia. Legea eta Justizia Lech eta Jaroslaw Kaczynski anaien alderdiak hamasei ordezkari izango ditu Bruselan. Taldeak nabarmen egin du gora azken urteetan. Abortuaren, eutanasiaren eta sexu bereko bikoteen aurkako politikak bultzatzen dituzte, besteak beste.

Frantzia. Jean Marie Le Penen Fronte Nazionala ez da berria. Baina orain arteko sistemarekin gustura ez daudenen sostengua bereganatu du eta hiru diputatu eskuratu. Alemaniako gas ganberak «historiako xehetasun bat» izan zirela esan zuen duela gutxi Le Penek.

Italia. Fronte Nazionalak bezala, Umberto Bossiren Lega Nordek ere ibilbide luzea du. Boz hauetan zortzi legebiltzarkide lortu ditu Bossik. Hau ere, aurrekoen gisan, abortuaren eta zelula-amekin ikertzearen aurka dago.

Erresuma Batua. «Immigrazioa zorigaiztoko gertakaria da» edo «zurien aurkako arrazakeria borrokatu egin behar da», esaldiak Nick Griffinen ahotik irten dira. Hark zuzendutako alderdiak, Alderdi Nazional Britainiarrak, bi diputatu izango ditu.



Shimon Samuels. Wiesenthal zentroko nazioarteko harremanetarako presidentea
Herri garatuetako eskuin muturreko gazteak eragiten duten izuaz ohartaraztea du ogibide Samuelsek, eta herrietako ordezkari politikoei taldeon jardueraren berri ematea.

«Hilero eskuin muturreko 7.000 gune inguru topatzen ditugu Interneten»

A. Mujika.

Wiesenthal zentroa Europako antisemitismoari aurre egiteko sortu zen, eta gaur egun, neonazien eta oro har eskuin muturreko taldeen jarduera salatzen du, Europako gobernuburuei, komunikabideei eta komunitateei taldeon arriskuaz ohartaraztearekin batera. Shimon Samuelsek (Ingalaterra, 1945) euren egitekoa mundu osoan zabaltzeko eta salatzeko egitekoa du .

Europako eskuin muturreko taldeak ondo ezagutzen dituzu. Europako eskuin muturraz hitz egin dezakegu? Ezaugarri bateragarriez?

Ezaugarri batzuk badaude, jakina. Balioek garrantzia galdu dute gaurko gizarteetan, eta gazteek zereginik ez dutenean datoz arazoak. Langabezia handitzen denean, egoera ekonomikoa okertzen denean, immigrazioaren kontrako jarrerak gora egiten du neurri gabe. Lana lapurtzera etorri direlako ustea zabaltzen da, eta akabo. Gaur egun, gainera, Internet izugarrizko tresna eraginkorra da mezu horiek zabaltzeko.

Internetek otso bakartiak barra-barra sortzen dituela salatzen ari zarete azkenaldian. Nor dira otso bakartiak?

Gehien kezkatzen gaituztenak dira otso bakartiak. Interneteko hainbat gunerekin oso gogoberotua dagoen pertsona da otso bakartia. Armak egiten ikasten du, bere ideologia dauka, eta berak bakarrik hartzen ditu neurriak, otso bakarti batek bezala. Oso zaila da polizientzat horiek kontrolatzea. Gazte alienatuez ari gara, esperantza gabe bizi diren gazteez;horiek hirietako kanpoaldean bizi dira normalean. Eta han eta hemen egiten dituzten ekintzak eredutzat hartzen dituzte. Gazte horiekin gertatzen da, gainera, egun batetik bestera bilakatzen direla gaizkile. Gaur isil-isilik dagoenak bihar, agian, eztanda egingo du.

Eskuin muturreko taldeen jardueraknazioarteko izaera hartu al du Interneti esker?

Bai. Nazioartekoa da Internet erabiltzen dutelako, baina skinheaden eta bestelako taldeen izaera nazionala izaten da. Nazioa goraipatzen dute, eta naziotasun horretan, zuriaren nagusitasuna ia beti. Ez da horren erraza hitz egitea Europako konexio bati buruz. Baina Internet bidez materiala partekatzen dute, ekintzarako eta gazteak erakartzeko moduak.Hilero zazpi bat mila gune arriskutsu topatzen ditugu Interneten, arrazistak, eskuin muturreko mezu arriskutsuak ematen dituztenak. Leku interesgarrienak, erakargarrienak gazteontzat, musika orriak dira, Rock skin musikarenak. Erresuma Batuan hasi zen musika mota hori, Blood & Honor taldearekin, eta egun loturak dituzte Europa osoan. Eskuin gogorrenaren zati txiki bat da hau.

Skinheaden azterketa egin duzue orain gutxi Errusian, mintegi batean. Zein ondorio atera dituzue?

San Petersburgon skinheaden goranzko joerari buruz hitz egiten aritu gara. Errusian, eta Sobietar Batasun ohiko herrialdeetan adibidez, mafien milizia ere badira talde hauek, mafien helburuetarako erreklutatzen dituzte, baina, neurri berean, gutxiengoen kontra indarkeria erabiltzen dute. Hungarian eta Eslovakian ijitoen kontra egiten duten bezala, Errusian kaukasiarren, Azerbaijangoen eta besteren kontra egiten dute. Mendebaldean, berriz, skinheadok edozein immigranteren kontra egiten dute. Gazte guztion ezaugarriak ikertu ditugu, eta ikusi euren artean ere mailaketa egiten dutela. Barregarria da, zerbait esatearren. Erresuma Batukoentzat errusiarrak eslaviarrak dira, eta behe mailakotzat hartzen dituzte.

Dirua ere Internet bidez ingura- tzen dute, produktuen salmenten bidez. Ez dago hori mugatzeko modurik?

Adibide batekin berehala ulertuko duzu. Alemaniako Amazon-ek hitzarmena egin zuen liburuak eta musika saldu nahi zituen talde batekin, NPD alderdi neonaziarekin. Europako Legebiltzarrerako hauteskundeak baino egun batzuk lehenago egin zuten hitzarmena. Hori egin baino hamabost egun lehenago alderdi horrek onartu zuen porrot egitekotan zegoela, baina Amazon-ekin ados jarri ondoren, zaborrak diren produktu horiek denak Amazon-en sartzerakoan balioa irabazi zuten, eta lehenago saltzea lortzen ez zutena garestiago saltzen hasi ziren. Orrialde faxista batetik Amazon-era jauzi eginda negozioa egin dute.

Horrelako liburuak eta musika Alemanian debekaturik daude. Neurriren bat hartu dute Amazonen kontra?

Eskandalua sortu genuen, eta salaketa jarri dugu Amazonen kontra, eta alderdi demokratiko guztiekin hitz egin genuen. Amazonek esan zuen ez zekiela alderdi faxista zegoela horren atzean. Guk, hala ere, boikotera deitu genuen, eta horri esker Amazonek atzera egin du. Legezkoa ez izateaz gain, praktika morala oso garrantzitsua iruditzen zait. Bidalitako eskutitza argitaratu egin dugu, Alemanian gertatutakoa ez dadin zabaldu.

Hala ere,talde hori, beste asko bezala, Europako Legebiltzarrean dago. Ez al da eskandalua hori onartzea balio demokratikoak goraipatzen dituen Europako Batasunak?

Legebiltzarreko presidentearekin hitz egin nuen, eta eskatu nion erabaki bat hartzeko gorrotoa bultzatzen duten hautagaien kontra, eserlekurik har ez zezaten. Berak esan zidan oso interesgarria izan zitekeela hori, baina talde horiek Legebiltzarrean egoteko aukera izatea erabaki nazionala zela eta ez europarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.