finalerdiak

Espainia finalera

0-1 irabazi dio Alemaniari finalerdian. Lehen aldiz sailkatu da mundialeko finalera. Baloiaren jabetzaren, zelaiko kokapenaren eta ukituaren erakustaldia eman dute une askotan Espainiako selekzioko jokalariek; Bartzelona zirudien taldeak.

2010eko uztailaren 7a
00:10
Entzun
Espainiako futboleko selekzioa urrezko aroa bizitzen ari da: duela bi urte Eurokopa irabazi zuen, eta igandean Munduko Kopako finala jokatuko du, lehen aldiz. Alemania utzi du finaletik kanpo, 0-1 hartuta mendean finalerdian. Puyolek egin du gola, kornerretik buruz, 73. minutuan.

Hegoafrikako mundialeko partidarik errazena izan du Espainiak, Hondurasen aurkakoa kenduta. Alemaniak jan egin zituen kanporaketetan Ingalaterra (4-1) eta Argentina (4-0), baina Espainia hau selekzio bikaina da, oso-oso ona.

Aurreko partidetan baloiaren %60 inguruko jabetza izan zuen, baina korapiloa ezin askatuta ibili zen. Kontrarioek asko presionatzen zuten, aurre-aurrean gainera eta joko gogorra eginda, eta batik bat Xavi jokoa ezin dominatuta ibili da. Alemaniaren aurkakoa desberdina izan da. Alemanek utzi egin diete jokatzen, ez dituzte presionatu, eta horrela eroso sentitzen da Espainia: mugitu ezkerra, mugitu eskubira, pixka bat aurrera, atzera... Del Bosquek Bartzelonako zazpi jokalari jarri ditu hasierako hamaikakoan: Pique, Puyol, Busquets, Xavi, Iniesta, Pedro eta Villa fitxatu berria. Ez alferrik. Baloiaren jabetzaren, zelaiko kokapenaren eta ukituaren erakustaldia eman dute une askotan. Bartzelona zirudien Espainiak; edo zen.

Kostatu zaie gola sartzea. Lehen zatian laupabost erremate egin dituzte. Denak area kanpotik, Villaren hasierakoa salbu. Arrisku handirik ez. Alemanek, batere ez -Espainiak defentsako joko ona du-. Espainiaren bigarren zatiko lehen hogei minutuak azpimarratzeko modukoak izan dira: bizitasuna, ukitua, presioa, hegalak, sakontasuna, errematea... Hori bai, erremate denak, area kanpotik: Alonsok bi, Pedrok beste pare bat, Villak bat, Iniestak bat... Ezin zuten zulatu alemanen defentsa, eta partida bazihoan aitzina.

Kroos 1-0ekoa egitear izan da 68.ean, baina Casillasek geldiketa ona egin du -hazi egin da mundiala aurrera joan ahala-. Ez zatekeen justua 1-0ekoa.

Bere puntu ahulena baliatu du Espainiak gola egiteko: geldikako jokaldi bat. Kornerra, kasu honetan. Puyolek sartu du 0-1ekoa, penalti puntu paretik, atzetik oso indartsu sartuta. Bartzelonak Real Madrili iaz 2-6 irabazi zion hartan antzeko gola egin zuen Puyolek.

Gero ondo eutsi diote Alemaniari -Puyol bera eta Pique izugarri ongi-, eta, gainera, Pedrok ia sartu du 0-2koa.

Igandean izango da finala (20:30), Herbehereen eta Espainiaren artean. Inork ez du sekula irabazi. Aurrenak 1974an eta 1978an txapeldunorde izan ziren. Historiarekin hitzordua dute biek ala biek. Mundialeko selekziorik onenak izan dira, jokorik onena atera dutenak.

Alemania 0. Neuer; Lahm, Friedrich, Mertesacker, Boateng (Jansen, 52m); Khedira (Gomez, 80m), Schweinsteiger; Trochowski (Kroos, 62m), Ozil, Podolski; Klose.

Espainia 1. Casillas; Ramos, Pique, Puyol, Capdevila; Busquets, Alonso (Marchena, 93m); Pedro (Silva, 85m), Xavi, Iniesta; Villa (Torres, 81m).

0-1: Puyol (73m).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.