Kataluniako etorkizunari buruzko erreferenduma desegintzat jo dute Espainiako Gobernuko iturriek, argudiatuz historian "inoiz ikusi gabekoa" dela bozkalekuak zabaldu baino 45 minutu lehenago bozkatzeko arauak aldatzea, "eurek nahi duten emaitza lortzeko".
"Zuzenbide estatuak, proportzionaltasunez, erreferenduma eragotzi du", adierazi du Soraya Saenz de Santamariak. Zoidoren eta PPko beste ordezkarien bidetik, gaurkoa ezin dela erreferendum baten gisan hartu adierazi du, eta goraipatu egin du segurtasun indarren jarrera.
"Lerro politikoak profesionalen gainetik" jarri dituztelako "esku hartu behar" izan dutela adierazi du Espainiako Gobernuak Katalunian duen ordezkari Enric Millok. Guardia Zibila eta Espainiako Polizia bozkalekuetan indarrez sartu eta minutu gutxira egin ditu Millok adierazpenok.
Generalitateko bozeramaile Jordi Turullek jakinarazi duenez, errolda unibertsalean oinarrituko da gaurko bozketa, eta, beraz, herritarrek edozein bozkalekutan eman ahal izango dute botoa, baita etxean inprimatutako botopaperak eramaten badituzte ere. Neurri horiek, ordea, "lotsagarritzat" jo dituzte Mariano Rajoy gobernuburuaren gertukoek, eta jarrera horrekin desegintzat jo dute "legez kanpoko erreferenduma". "Erroldarik gabe, etxean inprimatutako botopaperekin eta norberari gogoak ematen dion bozkalekuan. Irailaren 6 eta 7an gertatutakoa demokraziarentzat lotsagarria izan zen, eta gaurkoa hauteskundeak lotsagarri uztea da".
Herritarrei ere mintzatu zaie Millo, eta "egoera ulertzeko" eskatu die, esanez helburua ez direla eurak, "hautetsontziak eta botopaperak" baizik. Bide batez, gogorarazi du mossoena zela bozkalekuak ixteko ardura, baina haiek itxi ez dituztenez eurek itxi behar izan dituztela.