KATALUNIA

Espainiak erreferenduma ukatuz gero, 2016an plebiszitu izaerako bozak egitearen alde azaldu da Mas

Kataluniako Gobernuko presidenteak ez du baztertu hauteskunde horiek aurreratzeko aukera. Hala ere, "azken baliabidetzat" jo ditu hauteskunde plebiszitarioak, "erabateko konfrontazioa" eragin lezakeelako Espainiako eta Kataluniako gobernuen artean.

jon olano
2013ko irailaren 5a
17:53
Entzun

Espainiako Gobernuak ez badu baimenik ematen Kataluniako autodeterminazioari buruzko erreferendum bat egiteko, plebiszitu izaerako hauteskundeetara dei lezake Artur Mas Kataluniako Gobernuko presidenteak 2016. urterako; hots, legealdi amaierarako. Hala adierazi du gaur Masek berak Catalunya Radio irrati katean eginiko elkarrizketa batean.

Masek aitortu du berarentzat hauteskunde plebiszitarioen aukera ez dela "onena", argudiatuta Madrilekin ados jarri  nahi duela 2014an autodeterminazio erreferendum batera deitzeko. Horrela ez egitekotan, ordea, ohartarazi du: "Beti egongo da amaierako legezko esparru bat; hauteskundeak, alegia".

Kataluniako Trantsizio Nazionalerako Kontseiluak txosten bat egin zuen, Bartzelonak Madrilen jarreraren aurrean zituen aukerak aztertzeko. Kontsulta egiteko, hainbat bide ezarri zituen kontseiluak: erreferendumera Espainiako Estatuak deitzea, galdeketa antolatzeko eskumena Espainiako Gobernuak Kataluniakori ematea —hala egin dute Eskozian—, Kataluniako Kontsulta Legea baliatzea edo Espainiako Konstituzioa aldatzea.

Horiei guztiei Madrilek atea itxiko balie, boz plebiszitarioen aukera "azken baliabidea" dela esan du Masek. Izan ere, egoera horrek "erabateko konfrontazioa" eragingo luke bi gobernuen artean, eta oraindik "negoziazioa" aldezten dutela adierazi du. Urte amaierara arteko epea eman dio Masek Espainiako Gobernuko presidente Mariano Rajoyri negoziatzen hasteko.

"Hauteskunde plebiszitario batzuetan, elkar edo bananduta, baiezkoaren eta ezezkoaren alderdiak aurkeztuko lirateke", azaldu du Masek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.