Arratsaldeko 18:00etarako espero zen Jordi Turull Kataluniako Generalitateko bozeramailearen agerraldia eta hiru ordu laurden geroago atera da hedabideen aurrera. Jakinarazi du 319 bozkaleku itxi dituztela gaur Katalunian, eta azpimarratu du ezin izan dela normaltasunez bozkatu. Parte hartze daturik ez du eman, baina iragarri du milioika zenbatuko dituztela botoak. Ait
Espainiako Gobernuaren jarrera "basatia" dela esan du, eta Europa osoan lotsa eragiten duela. Gaineratu du Espainiak nazioarteko epaitegien aurrean erantzun beharko duela. "Gomazko pilotak, negar gasa...", nazioarteko eskandalu bat izan da Turullen ahotan Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren jarrera gaur erreferenduma oztopatzeko. Nazioarteko begiraleak aho bete hortz geratu direla jakinarazi du.
Kataluniarrei, "aske sentitzen diren gizon eta emakumeei" eskertu egin die gaur erakutsi duten jarrera, eta azpimarratu du "modu baketsuan demokrazia maite eta defendatzen duen herri bat" dela. Baztertu egin du botoa emateko ordutegia luzatzea Turullek, baina herritarrei bozkatzera joateko eskatu die. Kontaketa luzatu egingo dela aurreratu du eta pazientzia eta ulermena eskatu du.