Bi helikopteroak eta soldaduak Espainiako Armadak Afganistanen duen misioko kideak ziren. Espainiak 1.000 soldadu inguru izan nahi ditu herrialde horretan, ISAF Segurtasuna Laguntzeko Nazioarteko Indarraren barruan; gaur egun 850 bat ditu. ISAFek, orotara, 8.000tik gora soldadu ditu han, gehienak NATOko estatuetakoak. Madrilek joan den ekainean erabaki zuen Afganistanen zuen soldadu kopurua bikoiztea, irailean han egitekoak diren hauteskundeak antolatzen laguntzeko.
Helikopteroari gertatuaz mintzo, Espainiako Defentsa ministro Jose Bonok esan zuen ez dutela baztertzen 17 militarrak zihoazen airekoa «kanpoko eraso baten jomuga» izana. Iragarri zuenez, atzo bertan abiatzekoa zen helikopteroa eroritako lekura, nondik norakoak bertatik bertara ezagutzeko eta gorpuen identifikazio lanetan present egoteko. Hildakoen izenen berri eman ondoren, Bonok azaldu zuen Espainiako Defentsako Estatu Gorenak hasieran uste izan zuela gertaera istripua izan zela, baina laster erasoaren hipotesia kontuan hartzen hasi zirela. «Hasieran soilik ezbeharraren hipotesia izan dugu aintzat, baina argazki baten bidez ikusi dugu eremua oso menditsua dela baina kolpea ordoki batean gertatu dela. Hori da kanpoko eraso bat izan dela ez baztertzeko arrazoia».
Talibanen aldarrikapena
Bonok honela azaldu zituen gertatutakoaren hainbat xehetasun: «Goizeko 11:01ean (Afganistango ordua) jakin genuenez, Cougar helikoptero batek jakinarazi zuen Herat hiritik hegoaldera dagoen haran batean ke laino bat ikusi zutela. Ordu horretan erori zen helikopteroa, baina oraindik ez dakigu zergatik». Gaineratu zuenez, eskualdean ez dute herritarren aldetik inolako «etsai ekintzarik» atzeman. «Zerbitzu sekretuetako txostenek diote hango afganiarrak lagunak direla». Beste iturri batzuen arabera, Herat eta bere eskualdea «aski seguruak» dira eta talibanak eta haien aliatuak beste eremu batzuetan baino gutxiago aritzen dira han.
Nolanahi ere, Espainiako Defentsa ministroak baztertu egin du gertaeraren ondorioz Espainiak Afganistanen dituen tropak erretiratzeko agindua emango duela. Nabarmendu zuenez, Nazio Batuen ebazpen baten harira abiatutako misio batekoak dira tropak, eta Espainiako Gobernuak eta Legebiltzarrak ontzat jo dute misioa.Kabulen ISAFeko eledun Andrew Elmes komandanteak adierazi zuenez, erakundeak uste du gertaera ezbeharra izan dela. Halere, zergatiak zehazki jakiteko ikerketa abiatu zutela jakinarazi zuen. Bi helikopteroen helizeak elkarrekin trabatu zirela zabaldu zuen hasieran buruzagi horrek. Afganistango presidente Hamid Karzaik doluminak eman zizkion Espainiako Gobernuari zein hildakoen senitartekoei. «Afganistango herriak ez du inoiz ahaztuko soldadu horien sakrifizioa; Afganistango jendeari bakea eta egonkortasuna ekartzeko zerbitzua egin zuten», esan zuen.Talibanen buruzagi Dadulla mula-k, aldiz, esan zuen ekintzaile talibanek bota eta suntsitu zutela 17 soldadu atzerritarrak zihoazen helikopteroa. Altabada, hori erakusteko frogarik ez zuela esan zuen.Espainiako presidente Jose Luis Rodriguez Zapaterok oporrak eten eta Madrilera jo zuen, gertatutakoaren berri zehatza izateko. «Galera izugarria» iritzi zion gertatutakoari, hildakoak «segurtasun bermerik handienean» Espainiaratzeko agindu zuen. Gainera, Espainiako Armadak Afganistanen duen misioa defendatu zuen.Bestalde, Galiziako Xuntako presidente Emilio Perez Touriñok ere doluminak adierazi zizkien hildakoen senideei. Zendutako militarretatik 12k Figueiridon zuten base militarra, Pontevedran. 10 galiziarrak ziren.NATOri dagokionez, gertatutakoa argitzeko ikerketa abiatu zutela adierazi, eta hasierako komunikatuan «istripua» eta «erortzea» aipatu zituen.
Ez da Afganistanekin zerikusia duten Espainiako Armadako soldaduak hil diren lehen aldia. 2003an, misio batetik Espainiara itzultzen ari ziren 62 soldadu hil ziren, beren hegazkina Yak-42motakoa Turkian erorita.
Joan den ekainean, aldiz, ekintzaile talibanek AEBetako Armadako helikoptero bat jo eta erorarazi zuten Afganistango ekialdean, Kunar probintzian. Airekoan zihoazen 16 soldaduak hil zituzten. Gainera, apirilean, harea ekaitz batek AEBetako beste helikoptero bat erorarazita, 18 estatubatuar hil ziren Ghazni probintzian, hiru zibil tartean.
-
Datua
8.000
ISAF Segurtasuna Laguntzeko Nazioarteko Indarrak, orotara, 8.000tik gora soldadu ditu Afganistanen, gehienak NATOkoak diren estatuetakoak. Horietako 850 inguru Espainiako Armadako militarrak dira. ISAFeko tropak, gehienbat, Kabul hiriburuaren inguruan daude. NATOk berriki esan du «bake operazioak» zabaltzeko konpromisoa duela, 2006rako Afganistan osoan aritzeko.