Espainiako Auzitegi Gorenak hartu du erabakia: epaiketara joan beharko dute Kataluniako prozesuko buruzagiek. Hemezortzi lagun auzipetu dituzte, matxinada deliatua egin eta diru publikoa bidegabe erabili dutelakoan. Horien artean dira Kataluniako Generalitateko presidenteorde ohi Oriol Junqueras eta PdeCAT alderdiko buruzagi ohi Marta Pascal. Baita beste ordezkari ugari ere: ANC Asanblea Nazional Katalaneko buru Jordi Sanchez, Omnium elkarteko Jordi Cuixart, Jordi Turull, Dolors Bassa, Raul Romeva eta Josep Rull kontseilari ohiak, eta Kataluniako Parlamentuko presidente ohi Carme Forcadell —matxinada bakarrik egotzi diote azken horri—.
Gorenak ez du oraindik ezarri ahozko epaiketarako datarik, eta akusazioen eskaera zehatzak zein diren ere ikusteko dago. Bost eguneko epea eman diete akusazioei delituak kalifikatu eta beren eskaerak aurkezteko. Zigor Salako zazpi epailek ebatziko dute auzia.
Desobedientzia
Desobedientziagatik eta diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik epaituko dituzte, bestalde, Meritxel Borras, Carles Mundo, Santi Vila kontseilari ohiak, CUPen legeblitzar taldeko presidente ohi Mireia Boya eta parlamentuko mahaiko kide izandako Luyis Corominas, Lluis Guino, Anna Simo, Ramona Barrufet eta Joan Josep Nuet.
Kataluniako Generalitateko presidente ohi Artur Masen eta PdeCATeko buruzagi ohi Marta Pascalen auzia, aldiz, artxibatu egin dutela berretsi dute.
Ihesean direnak, aparte
Carles Puigdemont presidente ohia, Toni Comin, Meritxel Serret, Clara Ponsati eta Luis Puig kontseilari ohiak, ERCko Marta Rovira eta CUPeko Anna Gabriel, berriz, aparte epaituko dituzte, ihesean daudela-eta. "Espainiako Justiziaren esku" jartzen dituztenean izango da hori, Gorenaren arabera.