Mundua

Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia berritzeko akordioa lortu dute PSOEk eta PPk

Margarita Uria izango da CGPJko hogei kideetako bat, EAJk proposatuta. Besteak: PSOEk proposatutako bederatzi, PPren beste bederatzi eta CiUren bat. Epaileen eta magistratuen gobernu organoa bi urte egon dira berritu gabe.

2008ko irailaren 8a
18:26
Entzun
Duela bi urte tokatzen zitzaion Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari (CGPJ) berritzea, baina gaur lortu dute horretarako akordioa PSOEk eta PPk. Epaileen eta magistratuen gobernu organoa da erakunde hori.

Hogei kidek osatuko dute zuzendaritza berria: PSOEk proposatutako bederatzik, PPren beste bederatzik, CiUren batek eta EAJren beste batek. Hain zuzen, Margarita Uria jeltzalea eta Espainiako diputatu ohia da EAJk proposatu duena. CiUrena, Ramon Camp.

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak (PSOE) eta Mariano Raxoi PPko buruak uztailean egindako bileran hartu zuten CGPJ berritzeko konpromisoa.

Hogei kide horien artetik zazpi emakumezkoak dira. Lehen, bi zeuden. Margarita Robles Espainiako Estatuko idazkari ohia da kide berrietako bat; PSOEk jarri du. Bestetik, alderdi politikoetan afiliatutako epailerik ez dago kontseilu berrian. Lehen, hiru zeuden.

Hilaren 23an hartuko dituzte karguak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.