Ingurumena babesteko WWF erakundeak Juan Carlos Borboikoa Espainiako erregeari Espainiako elkarteko ohorezko presidente kargua kendu dio, elefanteak ehizatzeagatik.
Erregea Aste Santuan Botswanan elefanteak ehizatzen harrapatu zutenean Espainiako ezohiko batzarra deitu zuen erakundeak, hark karguan jarraitu behar ote zuen ala ez erabakitzeko. Bazkideek hartu dute erabakia, gaur: 226 boto postutik kentzearen alde eta hamahiru kontra.
Juan Carlos Borboikoa Espainiako WWFren sortzaile eta buru izan zen 1968tik 1975era. Errege izendatzearekin batera hartu zuen ohorezko presidentetza.
WWF World Wildlife Fund 1961ean sortu zuten, natura babesteko egitasmo gisa, eta geroztik mundu mailako erreferente bilakatu da alor horretan. Bost milioi kooperante dauzka, eta 90 herrialde baino gehiagotan dauka ordezkaritzaren bat.