Milaka lagun bildu dira gaur Pobleteko monasterioaren (Tarragona, Katalunia) inguruan, Felipe VI.a erregearen bisitaren aurka protesta egiteko. Manifestariak l'Espluga de Francolitik (Tarragona) atera dira oinez, eta ordubetean iritsi dira monasterioaren ingurura.
Monasteriotik kilometro batera, Mossos d'Esquadraren kontrol batekin topo egin dute manifestariek. Jendetza ikusita, istiluen aurkako poliziek atzera egin behar izan dute, eta manifestarien aurka zamak egin dituzte martxa geldiarazten saiatzeko —pertsona bat atxilotu dute—. Hala ere, zenbait manifestarik lortu dute monasterioko hormara iristea, errepidea inguratzen duten mahastietatik, eta, han, Espainiako monarkiaren aurkako bandera bat atera dute.
Manifestazioa Omnium Culturalek eta Biltzar Nazional Katalanak (ANC) antolatu dute, Kataluniak ez du erregerik. Babes gaitezen Borboiarengandik lelopean. 10:30ean l'Espluga de Francolin elkartzeko eskatu dute, eta ANCk segurtasun distantziak gordetzea eta maskara, oinetako erosoak, ura, eta eguzkitik babesteko aterki bat eramatea gomendatu du.
Joan den ostiralean, erregeen bidaia publiko egin zenean, Quim Torra Generalitateko presidenteak gutun bat bidali zuen Zarzuelara, Espainiako errege etxera, gobernuak funtsezkoak ez diren bidaiak saihesteko gomendatu ziela ohartarazteko: «Egin ditugun murrizketak eta gomendioak gure herriko edozein bisitarirentzat dira baliagarriak».