Espainiako Gobernuaren agintepeko herritarren kasuan, %65ek nahi dute Europako Itunaz erreferendum batean iritzia emateko aukera izan. Europako Konstituzioaz erreferenduma egin zutenean, 2005eko otsailean, %76,7 aldeko bozak izan ziren, %42,3ko parte-hartzearekin. Baina orain beste galdeketa bat egitea nahi dute.
Parisen manupeko herritarrei dagokienez, Financial Times-i jarraiki, %63k eskatzen dute beste erreferendum bat. 2005eko galdeketan ezezkoak irabazi zuen, botoen %54,87rekin. Parte-hartzea %69,3koa izan zen.
ITUNAREN ONDORIOEZ KEZKATUTA.Europako Itunak izan ditzakeen ondorioez galdetuta, bost estatu horietako herritarren %38k uste dute Europako Batasunean eragin ona izango duela; %23k, aldiz, kontrakoa uste dute.
Londresen agintepeko herritarrek dute hortaz iritzirik ezkorrena, %51k uste baitute ondorio kaltegarriak izango dituela, eta soilik %17k onura ekarriko diela.
Hain justu, estatu horretako herritarrei galdetu die Londresko The Daily Telegraph egunkari kontserbadoreak. Haren arabera, %70ek nahi dute itunaren erreformaz erreferendumean bozkatu.
EuroPaKo KonsTITuzIoa LorTzeKo urraTsaK
Ezadostasunen bide malkartsuan motel
2000Abenduaren 10a. Nizan ituna lortu zuten Europako Batasuneko buruzagiek, Batasun barruko erakundeen erreforma egiteko. Harago joan nahi zuten zenbait estatuk; besteak beste, Alemaniak.
2001
Otsailaren 26a. EB osatzen zuten 15 estatuek Nizan aste batzuk lehenago egindako ituna izenpetu zuten. EB barruan Europako ekialdeko estatuak sartu ahala boterea nola banatu zehaztea lortu zuten itunari esker. EBren eraikuntzan harago egiten segitzeko borondate erakutsi zuten.
Abenduaren 15a. Europako Kontseiluak EBren geroaren gaineko deklarazioa onartu zuen. Itunen erreforma lantzeko konbentziora deitu zuen.
2002
Otsailaren 28a. Konbentzioa martxan hasi zen, presidente Frantziako estatuko buruzagi ohi Valery Giscard D'Estaing zela.
2003
Otsailaren 1a. Nizako Ituna indarrean sartu zen.
Uztailaren 18a. 17 hilabeteko lanaren fruitua aurkeztu zuen Giscard D'Estaingek: Europako Konstituzio Ituna gauzatzeko egitasmoa. Lau zati nagusi zituen: helburuak eta eskuduntzak, oinarrizko eskubideen gutuna, Batasunaren politiken garapena eta amaierako xedapenak.
Urriaren 4a. Italiaren presidentetzapean, EBko 15 estatuek gobernuarteko konferentzia hasi zuten Konstituzioaren testua hitzartzeko.
Abenduaren 13a. Porrot egin zuten EBko buruzagiek zeukaten Konstituzio Itunaren gaineko akordioa lortzeko ahaleginetan. Espainiak eta Poloniak jarri zituzten, besteak beste, eragozpenak. Bozkatzeko orduan gehiengo bikoitzaren sistema ez zuten onartzen. Nizako formula luzatzeko eskatu zuten.
2004
Maiatzaren 1a. Beste hamar estatu atxiki zitzaizkion EBri: Txekia, Eslovakia, Eslovenia, Estonia, Hungaria, Letonia, Lituania, Polonia, Zipre eta Malta.
Ekainaren 18a. Irlandaren presidentetzapean, EBko 25 estatuek akordioa lortu zuten Itun Konstituzionalaren inguruan. Hilabete horretan bertan, botoa emateko gehiengo bikoitzaren sistema onartu zuten erabakiak hartzeko. Hitzartu zuten Europako Kontseiluko erabakiak hartzea, estatuen %55ek -gutxienez 15 estatuk- onartzen dituztenean eta EBko populazioaren %65 baino gehiago hartzen dutenean.
Urriaren 29a. Erroman bat egin zuten EBko buruzagi guztiek Itun Konstituzionala izenpetzeko. 2006ko azaroaren 1ean indarrean jartzeko asmoa erakutsi zuten.
2005
Otsailaren 20a. Espainiak baiezkoa eman zion Konstituzioari, erreferendum bidez. Bozen %76,7 izan zituen alde, %42,3ko parte-hartzearekin.
Maiatzaren 29a. Krisi hotsak Paristik. Frantzian eginiko erreferendumean ezezkoak irabazi zuen, bozen %54,87rekin. Parte-hartzea %69,3koa izan zen.
Ekainaren 1a. Herbehereetan ere ezetzak irabazi zuen; bozen %61,6rekin.
Ekainaren 17a. Europako Kontseiluak «gogoeta aroa» zabaldu zuen, Frantzian eta Herbehereetan izandako emaitza kaskarrak ikusita zer egin ez zekielarik.
2006
Ekainaren 16a. EBko buruzagiek, aurki Alemaniak presidentetza hartuko zuela ikusirik, proposamena egin zioten prozesua berriro martxan jartzeko «errepide mapa» bat aurkezteko.
2007
Urtarrilaren 1a. EBn beste bi estatu sartu ziren: Bulgaria eta Errumania.
Martxoaren 25a. Erromako Itunaren 50. urtemuga. EBren eraikuntza bidean aurrera egiten segitzeko borondate irmoa erakutsi nahi izan zuten EBko buruzagiek. Berlinen elkartu, eta 2009 baino lehen -Europako Parlamenturako bozak egingo dira- EBri «oinarri bateratu berrituak» emateko konpromisoa erakutsi zuten.
Ekainaren 22-23a. Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak «Konstituzioa» deitzen ez den itun berri baten inguruan akordioa lortzeko eginahalak egin zituen EBko goi bileran. Gutxienekoen Erreforma Ituna hitzartu zuten 27 kideek.
Urriaren 18-19a. EBko Instituzioen Ituna onartzeko goi bilera Lisboan.