Espainiako presidente Jose Luis Rodriguez Zapaterok iragarri du Espainiako hauteskunde orokorrak azaroaren 20an izango direla. Zapaterok zehaztu du irailaren 26an egingo duela deialdia.
Agintaldia 2012ko martxoan zen bukatzekoa. Behar baino lau hilabete lehenago izango dira, beraz, hauteskundeak.
Egunaren aukeraketari buruz azaldu du bi arrazoi izan dituela azaroaren 20a aukeratzeko. Batetik, esan du egun horrek zenbait lege onartu eta indarrean jartzeko adina denbora ematen diela. Bestetik, gehitu du egutegi berri honekin hauteskundeen ondoren sortuko den gobernuak 2012ko urtarrilaren 1etik bertatik lanean hasteko aukera izango duela.
Agerraldiaren hasieran, Zapaterok esan du gobernuak ezarriak zituen helburu asko bete dituela.