Espainiako Kongresua. Inbestidura saioa

Espainiako presidente hautatu dute Mariano Raxoi

Aldeko 187 boto jaso ditu gobernuburu berriak inbestidura saioan; kontrako 149 boto izan ditu, eta hamalau abstentzioGaur goizean egingo du karguaren zina, eta ministroen izenak jakinaraziko ditu gero

Jon Fernandez.
2011ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Aro baten amaiera eta beste baten hasiera irudikatu zuen atzo Espainiako Kongresuan, inbestidurarako bozketaren ostean, Mariano Raxoik Jose Luis Rodriguez Zapaterori emandako bizkarrekoak; atzo laga zuen Moncloa batak, eta gaur sartuko da bestea.Aldeko 187 botorekin aukeratu dute PP Alderdi Popularreko burua Espainiako presidente. Alderdiko 185 diputatuen babesaz gain, UPNko Carlos Salvadorrena eta Foro Asturiaseko Enrique Alvarez Sostresena ere jaso du Raxoik. Amaiurreko, EAJko eta Coalicion Canariako diputatuak, berriz —hamalau denera—, abstenitu egin dira. Kongresuko gainerako alderdietako 149 diputatuek, bestalde, Raxoiren hautagaitzaren kontra bozkatu dute.

Raxoik gaur goizean egingo du presidente karguaren zina Juan Carlos I.a Espainiako erregearen aurrean, eta gaua baino lehen bederatzi ministroen izenen berri emango duela jakinarazi du presidenteak. Ministroek bihar egingo dute karguaren zina, Zarzuela jauregian, eta gobernu berriak etzi egingo du lehen bilera Moncloan. Kongresuaren babesa jaso ostean, Barack Obama AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidentearen telefono deia jaso du Raxoik. Zorionak emateaz gain, bi estatuen artean «harreman ona» izateko proposamena egin dio Obamak hamar minutu eskaseko solasaldian, popularren arabera.

«Oposizio arduratsua»

Legealdi osoan «oposizio arduratsua» egingo duela iragarri du Alfredo Perez Rubalcabak, PSOEko bozeramaileak. «Raxoiri bukatu zaio hitz egiteaz hitz egiteko garaia. Orain, ekin egin behar dio, eta zer egin behar duen azaldu». Gobernuaren jarrera PPk oposizioan eta hauteskunde kanpainan esandakotik ezberdina izango dela uste du Rubalcabak; izan ere, haren esanetan, Raxoik astelehenean egindako proposamenen zenbakiak «ez datoz bat».

Gobernuan PPren programa ezarri arren Kongresuko alderdi guztiei entzun eta haiekin hitz egingo duela adierazi du Raxoik. «Guztiei entzungo diet. Badakit ez daukadala arrazoiaren monopolioa», esan du presidenteak, eta hutsegiteak izan ditzakeela aitortu du. Alabaina, PPren gehiengo absolutua «absolutismo» bihurtuko ote den beldur agertu da Joan Coscubiela, ICVko eleduna. Izan ere, elkarrizketa proposatu arren, Raxoik batez ere alderdi txikienetako eledunei euren izen ona galarazi diela salatu du Coscubielak. «Oso legealdi gogorra izango da arlo sozialean zein ekonomikoan», gaineratu du.

Katalanen ezezkoa

ICVk bezala, gainerako alderdi katalanek ere —CIUk, PSCk eta ERCk— Raxoiren inbestiduraren kontra bozkatu dute. CIUrena izan da ezezkorik deigarriena, batez ere joan den astean Kongresuko Mahaiaren banaketaren inguruan popularrekin izandako sintonia onaren ostean. «Nahiago genukeen abstentziora jo. Baina badirudi [Raxoik] ez zuela gure botorik nahi», aitortu du Josep Antoni Duran i Lleida eledunak. Raxoik itun fiskalari, Mediterraneoko korridoreari eta Kataluniako Estatutuko lehiakortasun funtsa ordaintzeko eskariari atea itxi ostean, ordea, ez dutela beste aukerarik izan azaldu du Duran i Lleidak. Nolanahi ere, argi utzi du horrek ez duela oztopatuko bi alderdien arteko lankidetza krisiari aurre egiteko neurri ekonomikoen inguruan.

Hain zuzen ere, ezezkoa bozkatu duten alderdi katalanei egin die deia Alfred Bosch ERCko eledunak, Raxoik Kataluniarako egindako «proposamen eskas eta adorerik gabekoari» planto egiteko fronte komun bat eratzeko. «Espainiatik alde egin nahi duERC alderdiak, eta inoiz baino arrazoi gehiago dauzkagu horretarako», nabarmendu du Boschek.

Bestalde, talde mistoak bere funtzionamendua errazteko eta denbora gehiago izateko eskatuko dio Kongresuko Mahaiari. «Ezinezkoa da talde batek horrenbeste jende biltzea», azaldu du Joan Baldovik, Compromis-Equoko diputatuak. Zortzi alderditako hemezortzi diputatuk osatuko dute talde mistoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.