KATALUNIAKO PROZESU SUBIRANISTA

Espainiarekiko lotura etetea onartu du Kataluniako Parlamentuak

Junts Pel Siren eta CUPen botoak jaso ditu independentistek adostutako ebazpenak. Catalunya Si Que Es Poteko diputatu batek salatu du alderdiak eragotzi egin diola boto independentea ematea.

Samara Velte - Jon Olano
2015eko azaroaren 9a
07:17
Entzun

Aldeko 72 boto eta aurkako 63 jaso ditu Kataluniako Parlamentuan alderdi independentistek adostutako ebazpenak. Hartan, Espainiako Estatutik "deskonektatzen" hasteko borondatea adierazten dute, irailaren 27ko bozetan agindu independentista argia jaso zutela argudiatuz.

Junts Pel Sik eta CUPek 72 diputatu dituzte 135eko ganberan, eta hasi berri den legegintzaldiaren norabidea finkatzeko negoziazio betean dabiltza. "Irailaren 28tik eredu etiko, juridiko eta politiko berri bat sortzen ari gara, gure herriaren askatasunean oinarrituta", azaldu du CUPeko Anna Gabrielek goizeko saioan: "Ez da Aldebakarreko Independentzia Adierazpen bat [DUI, katalanezko sigletan]... oraingoz, baina bai burujabetzarako eta hausturarako ekintza bat".

"Urteetan aldarrikatu dugu erabakitzeko eskubidea, eta orain, azkenean, gauzatzea erabaki dugu", esan du Raul Romevak, Junts Pel Siren talde parlamentarioaren izenean. "Zertarako? Gaur bertan hasita, orain ditugun premia larrienei erantzungo duen estatu bat eraikitzen hasteko".

Ebazpenaren oinarrizko bederatzi puntuak proposatu ostean, oinarrizko eskubide sozialekiko konpromisoen zerrenda luze bat erantsi diote bi alderdi independentistek adierazpenari. Besteak beste, etxebizitza, argindarra eta kalitatezko hezkuntza jasotzeko eskubidea aldarrikatzen dute. "Estatu berri bat behar dugu, sinpleki, zuzenbide estatu bat behar dugulako", ondorioztatu du Romevak, eta gogora ekarri du Espainiak "oinarrizko eskubideak" ere urratu dizkiela katalanei: lehenbizikoa, "botoa emateko eskubidea".

Catalunya Si Que Es Potek ezezkoa eman die ebazpenaren puntu guztiei, eta gobernua osatzeko negoziazioak estaltzeko "teatralizazioa" egotzi die independentistei. Hark bere proposamena egin du, edukiz ez hain bestelakoa; besteak beste, gizarteko premiak eta erreferenduma egiteko eskubidea aldarrikatzen dituelako, baina "Espainiaren eta Europaren babesa" bilatuta. Gabrielek kargu hartu die, ebazpenaren eduki soziala eta subiranista ukatzeagatik: "Suposatzen dugu oraintxe Espainiako hauteskundeek baldintzatzen dutela zuen agenda; ea gero berriz ikusten dugun zuen jendea eta gurea berdina dela". Bozketak alderdiaren barruko arrakalak ere utzi ditu agerian: Joan Giner diputatuak bere blogean salatu du alderdiak eragotzi egin diola boto independentea ematea.

Etzi Espainiako ministroen kontseilua

Kataluniak estatu independentea eratzeko bidean aste garrantzitsua izan daiteke gaurtik aurrerakoa. Agenda, behintzat, hitzorduz eta protagonistaz betea dator, bi gai nagusiren inguruan; errepublika katalana eratzen hasteari buruzko adierazpena eta Kataluniako Gobernuko presidentearen aukeraketa.

Ez du bide erraza izan adierazpenaren inguruko eztabaida parlamentarioak, ezta izango ere haren ondorenak. Ciutadans, PSC  eta PPCk Espainiako Auzitegi Konstituzionalean babes helegitea aurkeztu zuten, hark eztabaida debeka zezan. Organo horrek ez zuen aintzat hartu helegitea, eta eztabaida ez oztopatzea erabaki zuen.

Espainiako Gobernuak, ordea, iragarria du Konstituzionalera joko duela adierazpena onartu eta berehala. Gobernuaren ministroen kontseiluak ezohiko bilera asteazkenean egingo dutela iragarri du Mariano Rajoy Espainiako presidenteak. Auzitegi Konstituzionalean helegitea jartzeko egingo dute bilkura, eta organo horrek ostegunean aztertuko du gobernuaren helegitea. Tramitera onartuz gero, unean bertan geratuko litzateke adierazpena bertan behera. Besterik da auzitegiaren ebazpen hori errespetatuko luketen Kataluniako erakundeek.

Bestetik, eztabaidaren lehen lerroan izango da Kataluniako Gobernuko presidentearen aukeraketa ere. Carme Forcadell parlamentuko presidenteak Artur Mas Junts Pel Siko hautagaia proposatu du, eta gaur arratsean (17:00) ekingo diote inbestidura saioari, Masen hitzaldiarekin. Asteartean erantzungo diote talde politikoek Masi, eta arratsaldean bozkatuko dute. Masek gehiengo absolutua behar du lehen bozketan, eta ez da halakorik espero. Bigarren bozketan, ostegunean, gehiengo soila nahikoa luke Masek. Bigarrenean ere nahikoa babes lortuko ez balu, Forcadell taldeekin bildu beharko litzateke berriz, beste hautagai bat proposatuz gero. Urtarrilaren 10erako inork lortuko ez balu behar adina babes, berriro egingo lirateke hauteskundeak, martxoan.

Protagonistak

Batez ere, bi pertsona izango dira arretagune datozen egunotan. Batetik, Forcadell. Adierazpena onartu eta Konstituzionalak bertan behera uzten badu, Espainiako Gobernuko hainbat ordezkarik parlamentuko presidentea jo dute hortik aurrera gerta daitekeenaren erantzule. Igandean bertan, Rafael Catala Espainiako Justizia ministroak ohartarazi du Forcadelli dagokiola adierazpen independentista betetzen ez dela ziurtatzea, gaineratuz hala egiten ez badu, fiskalak aztertu beharko duela Forcadellek delituren bat egiten duen.

Mas izango da asteko beste protagonista. Generalitateko jarduneko presidente eta Junts Pel Siren hautagaiak gobernuburu izateko ahalegina egingo du inbestidura saioan, baina jakina da CUPek ez duela babestuko. Bi aldiz jaso lezake ezezkoa, gainera.

Mas gabeko balizko jokaleku batek beste izen-abizen batzuk loratu ditu azken egun eta orduetan, bi indar independentisten arteko akordioa bilatzeko asmoz. CUP prest agertu da CDCko "kontsentsuzko" hautagai bat babesteko, eta izen-abizenak jarri dizkio aukera horri Benet Salellas CUPeko parlamentariak; elkarrizketa batean, Neus Munte Generalitateko jarduneko presidenteordea aipatu du, nabarmenduz CDCko sektore sozialdemokratakoa dela eta ez dagoela ustelkeria kasuetan zipriztindua. Aukera gisa aipatu dira Raul Romeva eta Muriel Casals ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.