Inkesta gehienek iragarritakoa, eta hipotesi onartuena bazen ere, PP Alderdi Popularrak Espainiako hauteskundeetan lortutako gehiengo absolutuak harridura sortu du. Alderdia 1989an birsortu zenetik —aurrez AP Aliantza Popularra izena zuen— emaitzarik onenak lortu ditu, 2000. urteko gehiengo absolutuan eskuratutakoak gaindituz. Botoen %98,46 kontatuta, horien %44 lortu du PPk, eta 186 diputatu. Mariano Raxoi izanen da, horrenbertzez, Espainiako presidentea. PSOE, berriz, iragarpenak betez baita ere, boterean egotetik amildegitik erortzera igaro da, bere historiako emaitza txarrenak lortuz: botoen %28, 110 diputatu. Krisi ekonomikoak eta hura kudeatzeko ezintasunak zigortu du PSOE. 2008ko bozetatik abstentzioak soilik bi puntu egin du goiti (%26tik, 28ra).
Garaipenaren erabatekotasuna zalantzarik gabekoa izan da. Espainiako Estatua osatzen duten hamazazpi erkidegotatik hamabortzetan irabazi du PPk—Ceuta eta Melilla hiri autonomoetan ere irabazi du—. PSOEren hondamena hain izan da handia, bere gotorleku historikoan, eskuinarentzat irits ezina izan den Andaluzian, bederatzi puntuko aldea atera diola PPk. Historikoki sozialistenak izan diren bertze bi lurraldetan, Extremaduran eta Gaztela-Mantxan, aldaketa gauzatu zen azken hauteskunde autonomikoetan, eta orain PPk aldea handitu du. Madril hiriburuan, berriz, bi alderdi nagusien arteko zuloa handitu egin da, PPk PSOEren botoak bikoizteraino.
PPz gain, emaitzekin kontent agertu direnak alderdi txikiak izan dira. Bi alderdiek elkar batuta botoen %72 eskuratu dute, 2008an baino %10 gutxiago. Herrialde Katalanetako, Hego Euskal Herriko eta Galiziako alderdi abertzaleez gain, kongresuan ordezkaritza lortu dute IU Izquierda Unidak —11 diputatu—, UPDk —5 diputatu—, Coalicion Canariak —2 diputatu— eta FAC Foro Asturiasek —1 diputatu—. PSOEren hondoratzetik IUk atera du etekin handiena, bederatzi diputatu irabazi baititu. UPD alderdi zentralista ere anitz indartu da, diputatu bakarretik talde propioa edukitzera igaro baita.
Erabateko boterea PPrentzat
Presidentetza gehiengo absolutuz eskuratuta, PPk inoizko botere metatze handiena lortu du: ia alkatetzen erdia du, eta hamazazpi erkidego autonomotatik 11tan agintzen du. Orain berari dagokio bortz milioi langabetu eta egoera finantzero itogarria utzi dituen krisialdi ekonomikoaren erantzuna kudeatzea. Aldeko giroa baliatuta, Raxoik kanpainan ez du zin handirik egin, eta aldaketa ez dela berehala etorriko ohartarazi du. Europatik datozkion neurri ekonomikoen menpekoa izanen da haren gobernua, baina emaitza ikusgarriek zilegitasun ezin hobea emanen diote neurri murriztaile latzak hartzeko ordua ailegatzen denerako.
Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko hautagaiaren etorkizuna ere ia lurperatuta gelditu da. Alderdiko kongresua deituko duela iragarri du. Basamortuko erromesaldia du orain aitzinetik alderdiak. Estrategia politikoa sakon berrikusi eta buruzagien belaunaldi aldaketa egin beharko du.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak
Espero zena, baina harrigarria
Espainian PPk gehiengo absolutua lortu du, inoizko emaitza onenekin; PSOE, berriz, hondoratu egin da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu