arisko gobernuak menpean hartutako lurraldeek Frantzian oro har nabarmendu den joeraren alderantziz jo dute, ia guztietan baietza nagusitu baitzen igandean Europako Konstituzio Itunaren inguruko erreferendumean. Reunion eta Korsika uharteetan eta Ipar Katalunian, ostera, ezetza nagusitu da. Herrialde menperatu horiek baietzaren alde emandako bultzada, haatik, ez da nahikoa izan aukera horren salbagarri izateko.
-BRETAINIA: Bretainia osatzen duten bost departamenduetatik lautan baiezkoa nagusitu da, guztira %51,1 lortuta. Cotes-d'Armor departamenduan, haatik, Europako Konstituzioaren aurkako jarrera nagusitu da, botoen %53,28 lortuta. Bretainian baiezkoaren aldeko jarrera hau nabarmentzea ez da hainbesteko ustekabea, hala ere, hautu horren aldeko joera zuten indar politikoak (UMP, UDF eta PS) nagusi baitira, eta Konstituzio proiektuaren aurka ziren PCF alderdi komunista edo mutur ezkerreko indarrak, ostera, nahiko ahul baitaude. Autonomiaren aldekoalderdi bretoi gehienak (UDB, Parti Breton) baiezkoaren alde azaldu ziren, eta Frantzian oro har ezak garaitzea deitoratu zuten atzo. Emgann ezkerreko alderdi independentistak soilik zuen ezaren aldeko jarrera aldarrikatzen, baina hauteskunde emaitza kontuetan indar gutxi dauka Bretainian.
-KORSIKA: Ezezkoa da nagusitu, botoen %58,71 bereganatu baititu Hego Korsikako departamenduan eta %56,83 Korsika Garaian. Gertakari hau, aldiz, aski harrigarria da, zeren eta, Korsikan ere baiezkoaren aldeko jarrera hartutako indar politiko frantziarrak (UMP, PRG) baitira bozketa emaitzetan nagusi. PS Alderdi Sozialista, aldiz, aski ahula da. Ezezkoaren aldekoa zen PCF alderdi komunistak, berriz, eskualde jakin batzuetan baino ez du eragin aipagarririk; Prupria hirialdean edo Bastian, este baterako. Indar autonomista eta independentistei dagokienez, egoera aski nahasia zen. PNC Korsikako Alderdi Nazionalak (autonomista) Europako Konstituzioaren aldeko jarrera hartu zuen, eta Indipendenzak, aldiz, aukera finkorik ez zuen hartu, bere kide eta jarraitzaileei nahi zuten bezala boto egiteko aukera utzita. Antza denez, Korsikako abertzale askok, ziur aski gehienek, ezaren aldeko botoa eman dute.
-HERRIALDE KATALANAK: Ekialdeko Pirinioak departamendua osatzen duen Ipar Katalunian Europako Konstituzio proiektua oso modu zabalean arbuiatu dute, boto egileen %64,55ek aukera hori egin baitu. Alta bada, baiaren aldeko indar politikoak dira nagusi. Bloc Catala koalizio autonomistak ere baiaren alde deitu zuen, baina honen aholkuari ere ez diote jarraitu herritarrek.
-itsasoz bestaldeko lurraldeak: Erreferendumaren emaitzak estu-estu izango zirelakoan, baiaren aldekoek indar berezia egin zuten kanpaina denboran itsasoz bestaldeko departamendu eta lurraldeetako 1.420.000 hautesleak aukera horretara ekartzeko. Nola edo hala lortu dutela esan daiteke, zeren eta Reunion uhartean soilik baita eza nagusitu.
Reunion uharteak 471.155 hautesle ditu, Indiako Itsasoan kokatua da eta honek du hauteskunde emaitza kontuetan pisu handiena. Parte-hartzea Frantziako metropolian baino txikiagoa izan da %53,62 eta ezak aise irabazi du, zeren eta botoen %59,95 lortu baititu. Emaitza hau aski harrigarria da, jakinez Reunionekoak direla itsasoz bestaldeko hiru eurodiputatuak eta hauetatik batek bakarrik zuelaezaren aldeko jarrera hartua. Itsasoz bestaldeko gaineratiko beste departamendu eta lurraldetan, ostera, baia nagusitu da, alde nahiko handiz. Hala, %58,60 lortu du Guadalupen, %60,80 Guyana Frantsesean, %69,30 Martinikan, %86,46 Mayotten, %78,76 Kaledonia Berrian, %72,88 Polinesia Frantziarrean, %62,69 Saint-Pierre eta Mikelunen eta %89,67 Walis eta Futunan. Nabarmentzekoa da departamendu edo lurralde hauetan guztietan, aldiz, abstentzioa aski handia izan dela: %77,79, esaterako, Guadalupen.Lurralde hauetatik batzuetan independentziaren aldeko indar politikoak aski sendo daude, hala nola Kaledonia Berrian, Polinesia Frantziarrean eta Martinikan. Kaledonia Berrian,FLNKSko indar nagusia den Union Caledoniennek bere alderdikideei nahi zuten hautua egiteko aukera utzi zien eta ezkerreko Palikak, berriz, ezaren emateko deia egin zuen. Polinesia Frantziarrean, bertako gobernu autonomoaz jabetu berri den koalizio independentziazaleak ere ez zuen jarrera finkorik azaldu, baina Oscar Temaru presidenteak jakinarazi zuen baia ematearen aldekoa zela.
EUROPAKO KONSTITUZIOA
Estatu gabeko nazioak ez dira salbagarri izan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu