Frantzia Iparraldean, Normandiako Saint-Etienne-du-Rouvray herriko eliza batera sartu dira bi gizonezko, labanak eskuetan, eta bertan zeudenak gatibu hartu dituzte. Bost lagun zeuden: apaiza, bi monja eta bi sinestun. Beste lekaime batek ihes egitea lortu du.
Poliziak eliza inguratu du, eta gero, bahitzaileak hil ditu. Aurreneko informazioen arabera apaiza ere hilda dago; eta beste gatibu bat oso larri dago.
10:00ak aldera sartu dira bi erasotzaileak elizara, atzeko atetik, eta eraikineko ate guztiak itxi dituzte. Ihes egitea lortu duen monjak abisu eman du, Polizia bertara joan da, eta 11:00ak aldera bahitzaileak hil ditu, tiroz.
"Eraso terrorista" izan zitekeela uste dute, eta horregatik, terrorismo gaietan arduratzen den fiskalak hartu du auzia.
Francois Hollande eta Manuel Valls Normandiara bidean dira. Azken horrek txio bidez salatu du erasoa.
Horreur face à l'attaque barbare d'une église de Seine-Maritime. La France entière et tous les catholiques sont meurtris. Nous ferons bloc.
— Manuel Valls (@manuelvalls) 2016(e)ko uztailak 26