MUNDUA

Estatu kolpea izan ala ez izan, horra gakoa

2013ko uztailaren 11
14:03
Entzun

AEBetako presidente Barack Obamak Egiptoko gobernuari bideratutako laguntzak gainbegiratzeko agindua eman du, Pentagonotik jakinarazi dutenez. Defentsa alorreko arduradunek adierazi dutenez, Egiptori lau F-16 gudu hegazkin ematea pentsatua dute AEBek, eta izena argitaratzerik nahi izan ez duen arduradun baten arabera, ez dago asmo hori bertan behera uzteko inolako asmorik. Beraz, AEBen planek aurrera egingo balute, lau gudu hegazkin jasoko ditu Egiptok (bigarren arduradun anonimo baten arabera, abuztuan), eta abenduan, halako beste zortzi.

AEBek, Europako Batasuneko herrialdeek bezala, Egipton gertatutakoari "estatu kolpe" deitzea saihestu nahi dute, armadak Egipton egindakoa estatu kolpetzat hartuko balute, herrialde horri bideratutako laguntzak legez eten beharko lituzkeelako. Orain arte, baina, 2013 urte fiskalean (irailean bukatuko da) 650 milioi dolarreko laguntza eman die AEBek Egiptori, eta beste 585 milioi emango ei dizkio.

Islamista egiptoarrek, aldiz, oso garbi dute euren agintari Mohamed Mursi kargugabetzeko armadaren formula estatu kolpea izan zela. Horregatik, Bidezko Hauteskundeen Defentsarako Batasun Nazionalak estatu kolpearen aurka eta Mursi berriz ere presidente izendatzearen alde protestatzeko deia egin dute biharko: guztira, 40 mugimendu islamista egiptoarrek parte hartuko dute bertan. Manifestazioetan parte hartzeko eskatu diete egiptoarrei: "kolpe militar odoltsuen aurka, batera" izango du leloa biharko protestak. Horrez gain, Egiptoko armadaren estatu kolpea "zapaltzailea" eta "baliorik gabea" dela adierazi du erakunde horrek, eta Mansurrek egindako adierazpen konstituzionala errefusatu du. "Iraultza bakezalea berreskuratzearen aldeko borroka ez da inoiz geldituko, errezatu bitartean fededunen aurkako sarraski odoltsuak egin arren".

Kuwaitek, Arabiar Emirerri Batuek eta Saudi Arabiak, laguntza ekonomikoa

AEBak ez dira Egiptori era bateko edo besteko laguntza eman dion herrialde bakarra: Kuwaitek, Arabiar Emirerri Batuek eta Saudi Arabiak ere Egipto diruz lagunduko dute. Albistea ematen azkena izan da Kuwait (atzo jakinarazi zutenez). Egiptori 4.000 milioi dolarreko larrialdizko laguntza ematea erabaki du Kuwaitek: krisi politikoaren erdian, dituen zailtasun ekonomikoei aurre egiteko helburuarekin hartu du erabakia. Hala, hirugarren herrialdea da Kuwait Egiptori ekonomikoki laguntzea erabaki duena. Izan ere, atzo gauza bera erabaki zutela adierazi zuten Arabiar Emirerri Batuek eta Saudi Arabiak.

Kuwaiteko Mohamed Abdala al-Sabah gobernu kontuetarako estatu ministroak jakinarazi du albistea. Hiru zatitan banatuko du Kuwaitek Egiptori emango dion laguntza ekonomikoa: 2.000 milioi dolarreko gordailua emango dio banku zentralari, 1.000 milioiko mailegua eta beste 1.000 milioiko mailegu bat energia-produktuetara bideratzeko (petrolioa, kasu).

Al-Sabahek adierazi duenez, Sabah Admad Sabah emirra izan zen gobernuak Egiptori 4.000 milioi dolarreko laguntza ematea agindu zuena, eta hala, ministroen kontseiluan neurria onartu zuten. Al-Sabahek itxaropena du Egiptok oztopoak gainditzen jakingo duela, batasun nazionala mantendu, segurtasuna eta egonkortasuna babestu eta, berriz ere, nazioartean zein eskualdean zuen paper garrantzitsua berreskuratuko duela.

Kuwaiten aurretik, Arabiar Emirerri Batuak eta Saudi Arabia izan ziren Egiptori laguntza ekonomikoa eskaini ziotenak. Saudi Arabiak, adibidez, 5.000 milioi dolarreko laguntza emango dio: 2.000 milioiko gordailua banku zentralari, 1.000 milioiko donazioa eta beste 2.000 milioi energia produktuetan (petrolioa eta gasa). Arabiar Emirerri Batuek, berriz, 1.000 milioiko donazioa eta interesik gabeko 2.000 milioi dolarreko mailegua luzatu dio Egiptori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.