Ekialde Hurbila

Estatu palestinarra aldarrikatzea saihesteko presioa

Negoziazioak «premiaz» abiatzeko eskatu die aldeei NBEk; PANek irailean aurkeztuko duen ekimena eragotzi nahi du horrelaIsraelek kanpaina diplomatiko bati ekin dio, estatuek proiektua sostenga ez dezaten

Kristina Berasain Tristan.
2011ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Nazioarteko makineria diplomatikoa martxan da. NBE Nazio Batuen Erakundeak nola edo hala saihestu nahi du palestinarrek estatu independentea aldarrikatzea, eta ekimenak aurrera egin ez dezan ahalegin berezia egiten ari da duela ia urtebetetik etenda dauden elkarrizketak sustatuta. Segurtasun Kontseiluak negoziazioak «premiaz» hasteko eskatu die Israel eta PAN Palestinako Aginte Nazionalari. Lynn Pascoe NBEko idazkari nagusiordearen iritziz «oso arriskutsua da» bake prozesua ez aurrera ez atzera egotea. Israeldarrak eta palestinarrak mahai beraren inguruan berriz elkarraraztea, baina, nekeza izango zaie; kolonien politika bertan behera utzi artean ez direla bilduko ohartarazi baitu PANek. Iazko irailean negoziazioak hautsi baziren ere, arrazoi horregatik izan zen; Israelek hamar hilabetez indarrean egon zen moratoria luzatzeari uko egin zion eta soilik hiru aste iraun zuten elkarrizketek.

Bide diplomatikoek arrakasta izateko epea, dena den, mugatua da, ezen irailean joko du PANek NBEra. Testuaren edukia adituekin aztertzen ari dira, baina, dokumentua ia prest dutela jakinarazi du Saeb Erekatek. PANeko negoziazio buruaren hitzetan bideragarritasun politikoa eta ekonomikoa jasotzen duen planak honez gero hainbat erakunderen oniritzia jaso du, tartean Munduko Bankuarena —Faiad plana deitu diote egitasmoari—. Salam Faiad lehen ministroak abuztuan aurkeztuko luke dokumentua. NBEko 181 ebazpena izango du oinarri proposamenak. Erakundeak 1947ko azaroan onartu zuen ebazpen hori, eta bi estatuen sorrera aitortzen du —estatu judu eta estatu arabiar independente baten sorrera zehazten du—.

Eten luzeak tarteko hiru hamarkadaz abian izan diren negoziazioak antzuak izan direla ikusita erabaki dute palestinarrek estrategia aldatzea. Riad al Malki PANeko Atzerri ministroak arrazoitu du ekimena; «Israelek zuzeneko negoziazioak behin eta berriz zapuztu baditu, zer egiten ahal dugu?; urtebete barru, edo hemendik hamar urtera edo akaso ehun urtera iritziz aldatuko duen zain egon?».

Estrategia aldaketa

Palestinarrek, hala ere, bat datoz elkarrizketaren bidea lehentasuna dela esatean, eta estatu palestinarra aldarrikatzeko ekimenak ez dituela negoziazioak ordezkatzen zehaztean. Mahmud Abbas PANeko presidenteak berak aurreko astean berretsi zuen «aurreneko, bigarren eta hirugarren» aukera direla bake elkarrizketak; NBEra jotzea, berriz, «azken lehentasuna» dela adierazi du. Bide horri uko egiteko eskatzen diotenen aurrean, baina, irmo agertu da, beste alternatibarik ez duela zehaztuz.

Israel da, zentzu horretan, ekimenaren kontra gogorren egiten ari den herrialdea da, eta aurreratu duenez «palestinarren aldeko «korronteari» galga jartzea lortu du. Danny Ayalon Atzerri ministrordeak zehaztu du dokumentuak «gehiengo automatikoa» lortuko balu ere, «garaipen eskasa» litzatekeela palestinarrentzat «maila politiko eta ekonomikoan lehen lerroan dauden estatuen» babesa ez luketelako izango. Ron Prosor Israelek NBEn duen enbaxadorea, berriz, haratago joan da, eta estatu palestinarra aitortzen duten estatuei ekimenak ekarriko lituzkeen ondorioez ohartarazi die; «alde bakarreko erabakiek ez dute egoera zailetan ekarpenik egiten eta indarkeria sustatzeko baino ez dira baliagarriak izango». Osloko Akordioak baliorik gabe ere geratuko liratekeela ohartarazi du Israelek.

Avigdor Lieberman Atzerri ministroak, bere aldetik,agindu zehatzak eman dizkie diplomazialariei ekimenak porrot egin dezan, eta bozketa egingo balitz ezezkoaren alde egingo luketen estatuen zerrenda luzatzeko lanean ari da.

Orain arte 122 estatuk eman diote sostengua ekimenari estatu palestinarra zeharka aitortuz. Ekimena aurrera aterako bada, baina, Batzar Orokorraren bi herenen babesa beharko da; orotara 192 herrialde daude, beraz, 129ren babesa beharko da. Egitura horretara iritsi aurretik, dena den, beste urrats zailago bat egin beharko dute palestinarrek. Segurtasun Kontseiluko kide iraunkorretatik bakar batek ez luke beto eskubidea baliatu behar. Prozedura idazkari nagusiari eskutitza bidalita jarriko litzateke abian. Ban Ki-moonek ondoren bidaliko luke auzia Segurtasun Kontseilura. Han gutxienez bederatzi estaturen babesa beharko luke aurrera egiteko, bakar batek betoa jarri gabe —hamabost estatu daude Segurtasun Kontseiluan—. AEB, Frantzia, Erresuma Batua, Txina eta Errusiak dute betoa jartzeko eskumena.

Eta litekeena da Washingtonek betoa baliatzea. Europako Batasuneko kideek zein jarrera hartuko duen, berriz,ikusteke dago, orain arte adierazpen anbiguoak egin baitituzte. Catherine Ashton EBko diplomazia burua izan da azkenekoa hitz egiten eta oraindik ere ekimena aurkeztuko den ez dela ziurra esan du. Haaretz egunkariari emandako elkarrizketan zehaztu du bozketa egitekotan «dokumentuaren edukiak» baldintzatuko duela estatu kideen jarrera. Estatu palestinarra aitortzeko «arazorik» ez luketela izango ere jakinarazi du, iazko abenduan erakundeak ekimenari azaldutako babesari eutsiz.

PAN azken aukera bat ere aztertzen ari da; Bakearengatik Elkartuta prozedura juridikoa baliatzea. 1959ko 377 ebazpenak aurreikusten du «egonkortasuna edo bakea» auzitan daudenean bide hori baliatzea; Batzar Orokorraren premiazko bilera ahalbidetuko luke horrek, eta beto eskubidea saihestuko litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.