Espainiako hainbat komunikabide auzitegietako iturriak aipatuz jakinarazten ari direnaren arabera, Estatuaren Abokatutzak Kataluniako independentzia prozesuaren arduradun politikoei egingo dizkien akusazioak ez dira bat etorriko Fiskaltzarekin. Hain zuzen, hamazortzi politikariak ez ditu matxinadaz akusatuko, hau da, deliturik larriena alboratu egingo du, bortxazko altxamendurik ez zelako egon. Hala ere, sedizioa leporatuko die (indarkeriarik gabea), baita funtsak bidegabe erabiltzea ere; gutxienez hamalau urtera arteko zigor eskaera dakar horrek.
Azken asteetan Espainiako Gobernuak egindako adierazpenen ildoan doa Estatuaren Abokatutzaren erabakia, Pedro Sanchez gobernuburuak adierazi izan baitu ez dagoela baldintza nahikorik politikariak matxinadagatik auziperatzeko, armarik ez zutelako erabili. Justizia Ministerioaren organo bat da Estatuaren Abokatutza, eta gobernuaren irizpideen arabera jardun behar du.