Israelgo Legebiltzarrean gutxi dira diputatu arabiarrak, eta horien artean bakarra emakumea: Hanin Zuabi (Nazaret, 1969). Balad alderdi progresistako kideak dioenez, politikan ari diren emakume juduak ere urriak dira.Ilam fundazioko zuzendaria izan zen aurretik; Israelgo prentsak auzi arabiarrei arreta eman diezaien lan egiten du erakunde horrek. Askatasunaren Flotillan joaten zen diputatuetako bat zen.
Psikologia ikasketak egin zenituen. Zein da Israelen diagnostikoa?
Egia da baduela zerbait gaixotasunetik, israeldarrak ghetto batean bizi baitira, mundutik aparte. Europako ghettoetatik ihes egin zuten, eta orain hemen itxi dute beren gogoa. Harreman onak dituzte mendebaldearekin, baina ez dute nazioarteko komunikabiderik hartzen, hemengoak bakarrik. Hala, palestinarrak sarraskitzen dituzten bakoitzean, justifikatu egiten dute: beren buruari esaten diote beraiek direla biktimak; komunikabideek berretsi egiten diete, eta, azkenean, sinetsi ere egiten dute asmatutakoa.
Israeldarrak engainaturik bizi badira, eta palestinarrak zapaldurik, zeini egiten dio mesede egoerak?
Agintariei; hartara, beren politikak egiten segi dezakete eta. Horretarako, eskolak erabiltzen dituzte; liburuetan sekula ez dute aipatzen Nakba, eta esaten dute Palestinan ez zela inor bizi juduak heldu zirenean. Ezer ez dago egon beharko lukeen moduan; dena dago alderantziz. Israelek lurraren %83 konkistatua du, eta garatzeko laguntza ematen die 600 hiri eta herri israeldarri, eta palestinar bakar bati ere ez. 1948an halako bederatzi gara, eta tokiaren %15ean bizi gara. Zure lurra eskatzen duzuenean, inbaditzailea zarela esaten dizute; giza eskubideen aldeko manifestazio bat egiten duzunean, mehatxu bat zara; Israelek sarraski bat egiten duenean, bere burua defenditzen omen du. Eta ondo doakie, jendeak sinetsi egiten baitu. Beren zilegitasuna argudiatzeko, istorio sofistikatu bat osatu dute orain dela 2.000 urteko kontu batean oinarriturik, eta gainerakoei ez ikusi eginez. Eskolan inork palestinarrei buruz hitz egin ez bazien, ez da harritzekoa parlamentarien jokaera.
Lau hilabete baino gehiago igaro dira Israelek flotillari eraso zionetik. Zein da zure egoera politikoa?
Knessetek nire eskubideetako hiru kendu dizkit legealdi guztirako: pasaporte diplomatikoa, lege laguntza behar izanez gero dagokidan finantza laguntza eta harreman diplomatikorik ez duen herrialdeetara joateko eskubidea. Auzitegi Gorenera jo dut, eta nire apelazioan azaldu dut niri eskubideak kentzeko arrazoia politikoa dela; izan ere, flotillan parte hartuta ez nuen legerik hautsi. Legeren bat hautsi banu, auzitegi baten kontua izango zen ni epaitzea, eta ez Knessetena.
Zer arrazoi ofizial eman dizkizute eskubide horiek kentzeko?
Esan zuten legea hautsi egin nuela, baina ez zuten zehaztu nola; eta esan zuten arriskuan jarri nuela soldadu israeldar batzuen bizia eta herrialdearen segurtasuna. Frogarik ere ez zuten behar izan. Israelen etsaiei lagundu izana leporatu zidaten; zehazki, Hamasi lagundu izana. Nonbait, ez dira gogoratzen han 1,5 milioi lagun dauzkatela itota eta haiek zeudela laguntzaren zain.
Parlamentuak gehiengoz hartu al zuen erabaki hori?
Batzordean bozkatu zenean bai, eta gero, gainera, topa egin zuten. Parlamentuan, hiru aste geroago, 34 parlamentarik niri eskubideak kentzearen alde egin zuten, eta hamalauk, kontra: bederatzi arabiarrak ziren, eta bost juduak.
Guztiok ikusi genuen nola saiatu zinen azaltzen zer gertatu zen flotillarekin eta nola eten zintuzten parlamentariek, oihuka eta zugana oldarrean joanda. Zer esaten zizuten?
Irain mota guztiak, eta honelako esaldi sexistak ere bai: '38 urte dituzu, eta ezkondu gabe zaude; zoaz Gazara, ea nola tratatzen zaituen Hamasek'. 'Ez zaizu gizonik hurbiltzen, eta gu ere ez'.
Zer sentitu zenuen orduan?
Hasieran, nazkaturik sentitu nintzen, eta gero pena eman zidaten: hain dira ahulak, non ezin duten ezta nire ikuspegi politikoa eztabaidatu ere egin, eta ezinean, oihuka eta builaka hasten dira. Pentsatu nuen beharbada aukera ona zela munduak gogoeta egin zezan ea Israel demokrazia bat den egiaz, kontuan harturik arabiarrok askatasuna dugula estatuaren politikak auzitan jartzen ez ditugun neurrian.
Horren ondoren, mehatxuak egin zizkizuten...
Hilabete eta erdian ehun mehatxu baino gehiago jaso nituen posta elektronikoan, eta bizkartzainak jarri zizkidaten. 'Hilda zaude', 'traidorea' eta horrelakoak idazten zizkidaten; ez nuen denak irakurtzeko lana hartu; ez nuen interes handirik. Orain, badirudi nekatu egin direla.
Oraindik ba al duzu lanerako tenorea?
Badut nireen ahotsa izateko erantzukizuna; nire betebeharra eta eskubidea da. Gainerakoak ados egongo dira edo ez, baina ezin didate esan non eta noiz utzi behar diodan borrokatzeari. Borroka egiten duzu baita zure helburua luze gabe betetzeko segurtasunik ez daukazuenean ere. Batzuetan, galdetu izan didate optimista naizen, eta ez zaizkit gustatzen galdera horiek. Ez naiz ez baikorra ez ezkorra, eta ez dut kalkulurik egiten. Betebeharra betetzen dut, eta egiten dudan kalkulu bakarra da hau dela nire lurra eta hauek direla nire eskubideak.
Bakarrik sentitzen al zara Parlamentuan?
Parlamentuan agerraldi ospetsu hura egin eta hilabetera, berriro hitz egin nuen, eta esan nien parlamentariei nazioarteko adostasuna ordezkatzen nuela, flotillan 35 herrialde zeudela ordezkaturik eta, beharbada, bakarrik egongo nintzela Knesseten, baina munduan gainerakoen babesa nuela eta han beraiek zeudela bakarrik. Ez dut argudio arrazistarik erabiltzen nireen alde egiteko: gizaki guztientzako argudio unibertsalak erabiltzen ditut. Hau da nire lurra, hemengoa naiz eta nik ez nuen immigratu Israelera: Israel etorri zen nigana. Ez dut uste palestinarrak bakarrik ordezkatzen ditudanik: israeldar judu demokratikoa ere ordezkatzen dut-horrelakoak ere badira eta, milaka gutxi batzuk izanda ere-, eta, oro har, munduan demokrazia babesten duten guztiak ere bai. Hori adituta, asko haserretu ziren.
«Estatuaren politikak auzitan jartzen ez ditugun neurrian dugu askatasuna arabiarrok»
Diputatu emakume arabiar bakarra da Zuabi; Askatasunaren Flotillan parte hartzeagatik eskubideak murriztu dizkiote, baina palestinarren ahotsa izaten jarraitzeko betebeharra eta eskubidea duela dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu