Estilo berriaren irudikapena

Frantziako Gobernuaren lehen bileran soldatak %30 jaistea erabaki dute, eta «kode deontologiko bat» sinatu dute ministroekEkonomia ministroak esan du Parisek ez duela berretsiko hazkunderik gabeko itunik

Jon Fernandez.
2012ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Hollanderen Frantzia ez dela Sarkozyren Frantzia bezalakoa izango. Horixe irudikatu nahi zuten atzo Parisko gobernu sozialistako ministro kontseiluaren lehen bileran. Kanpainan hitzemandako estilo aldaketa irudikatzeko erabili du François Hollandek gobernuaren lehen bilera eguna. Nicolas Sarkozy presidentea izandakoaren nabarmenkeriatik urruti, berea presidentzia «normala» izango zela agindu zuen hautagai zela. Frantziako lehen gobernu parekidea osatu du —ministroen erdiak emakumeak dira eta beste erdiak gizonak—, eta lehen erabakia gobernuko kideen eta presidentearen soldata %30 jaistea izan da. «Hauxe da eredugarri jokatzea», esan du Jean-Marc Ayrault lehen ministro sozialistak.

Orain arte hilabetean 14.200 euroko soldata jasotzen zuten Frantziako ministroek, eta aurrerantzean 9.940 euro jasoko dituzte. Presidentearen eta lehen ministroaren soldata, berriz, 21.300 eurotik 14.910 eurora jaitsiko da. Gobernuko bozeramaile Najat Vallaud-Belkacemek aitortu du Hollanderen eta Ayraulten kasuan Finantza Legea aldatu beharko dutela soldatak jaitsi ahal izateko, eta hori ezingo dela eginekainean legebiltzarrerako egingo dituzten hauteskundeak igaro arte. Hala ere, etorkizuneko lege aldaketak atzera eragina izango duela nabarmendu du bozeramaileak, eta maiatzaren 15etik aurrerako soldatetan eragingo duela.

Sarkozyren agintaldian presidente ohiak izandako eskandalu ekonomikoetatik urruntzeko, jardun onaren «kode deontologiko bat» sinatu dute gobernu sozialistako kideek. Herritarrek Sarkozyri leporatu izan dioten aberats berriaren espantuetatik bereizi nahi izan du Hollandek, 1,2 milioi euroren ondasunak izan arren. Sarkozyk, berriz, 2,7 milioi euroren ondasunak aitortu zituen joan den martxoan; Bling bling presidentea ezizena jarri izan diote komunikabide batzuek.

Bete beharreko hiru puntu nagusi ditu ministroek sinatutako kodeak, Le Monde egunkariak jakinarazi duenez: kargua hartu baino lehen zituzten bestelako kargu exekutiboak laga beharko dituzte; ez dituzte gonbidapen pribatuak edo 150 eurotik gora balio duten opariak onartuko; eta hiru ordutik beherako bidaiak egin behar dituztenean, trena lehenetsiko dute.

Gobernu berriaren lehenengo bilera «hotsandikoa eta hunkigarria» izan dela azaldu du Hollandek, eta gobernua «eredugarria» izatea espero duela nabarmendu du. Gobernuaren lan sistemaren oinarriak «gardentasuna eta hitzarmena» izango direla esan du Eliseoak agiri baten bidez, eta «denbora galdu barik» hasiko dela hauteskunde kanpainan agindutako promesak betetzeko lanean.

Greziaz eta euroaz

Ministro berrien kargu hartzeen artean, Pierre Moscovici Ekonomia ministroaren izendapenak piztu du ikusmin handiena. Hollanderen kanpainan gehien errepikatutako leloa Bruselan hazkundearen aldeko neurriak bultzatzekoa izan da, eta Moscoviciren lehenengo berbak horiexek izan dira: «Frantziak ez du itun fiskala berretsiko hazkunderako neurririk hartzen ez bada». Gogoan izan beharrekoa da Moscovici izan dela azken hilabeteetan Hollanderen kanpaina arduraduna.

«Alemaniako kantzilerrarengan interesa piztu dute hazkundea sustatzeko François Hollandek proposatutako aukera batzuek: Europako Batasuneko egitura funtsen mobilizazioak edo Europako Inbertsio Bankuaren kapitala handitzeak», azaldu du Ekonomia ministroak. Gainera, zor publikoaren kontrako lanean «serio eta zorrotz» ariko dela agindu du, eta zor publikoa «Frantziaren etsaia» dela gogorarazi du.

Greziari buruz ere egin du berba Moscovicik, eta eurogunean jarraitu beharko lukeela esan du. «Greziak Europako Batasunean jarraitzea nahi dugu. Euroguneak batuta jarraitu behar du, ezin da desegin».

Bestalde, Laurent Fabius Atzerri ministroak «erabat europazalea» dela esan du kargua hartzean, baina hazkundea bultzatuko duen «bestelako Europa bat» nahi duela gaineratu du. 2005ean Europako Konstituzioaren aurka egin zuen Fabiusek, eta Alderdi Sozialistako buruzagitzak baztertu egin zuen orduan.

Gobernuko bozeramaile eta Emakumeen Eskubideen ministroak, bestalde, azaldu du lehen bileran datozen asteetan hartu beharreko neurrien inguruan lanean hasi direla. Datorren ikasturterako eskolarako diru laguntza %25 igotzea izango da neurri horietako bat, kanpainan behintzat horixe agindu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.