Europako Giza Eskubideen Auzitegiak frogatutzat jo du 2002an Errusiako indar armatuek bi txetxeniar torturatu eta hil zituztela. Beste lagun bat desagerrarazi zutela ere egiaztatutzat jo du auzitegiak. 2002an gertatu ziren aztertutako kasuak. Estrasburgoko auzitegiak dioenez, Europako Giza Eskubideen Hitzarmena urratu du Errusiak. Itunak bizitzeko eskubidea, askatasuna eta segurtasuna aldarrikatzen ditu, eta torturak eta tratu txarrak debekatzen ditu.
Ebatzitako lehenbiziko gertakariak 2002ko otsailaren 14an gertatu ziren. Epaiaren arabera, uniformatutako lagunek Nasujanovi sendiko hiru anaia atxilo hartu zituzten etxean, eta haietariko bat bi egunen buruan askatu zuten, «oinez ibiltzeko gai ez zen arte jipoitu ondoren». Bertze bi anaiak otsailaren 20an hilda aurkitu zituzten ondoko herri batean. Gorpuak gerritik goiti erreta zeuden. Urte bereko azaroaren 18an, Dudarov sendiaren etxean sartu ziren Errusiako indarrak, eta semea atxilotuta eraman zuten. Orduz geroztik, familiak ez du haren inguruko berririk izan. Auzitegiak dio Errusiak atxiloketa bat onartzen ez duenean, atzemandakoa «hilda» dagoela suposa daitekeela.
Kremlinen eskaera AEBei
Errusiako terrorismoaren eta krimen antolatuaren aurkako nazioarteko arduradun Anatoli Safonovek adierazi du espero duela Doku Umarov gerrillari txetxeniarra aurki AEB Ameriketako Estatu Batuen «zerrenda beltzean» agertzea. Safonovek azaldu du nazioarteko «elkarlana berraktibatu» duela Errusiak, Umarov ahalik eta herrialde gehienek «terroristatzat» jo dezaten.
Moskuk behin baino gehiagotan kritikatu izan du Washington Txetxeniako gerrillari ohiak AEBetan babesten direlakoan. Iragan urtarrilean, adibidez, Errusiako Gobernuak Washington salatu zuen, Ilias Akhmadov gerrillari ohiak bere liburua aurkezteko agerraldi publikoa egin zuelako. Akhmadovek 2004an lortu zuen AEBen asilo politikoa, eta orduz geroztik han bizi da.
Estrasburgok bi txetxeniarren hilketagatik zigortu du Errusia
Europako Giza Eskubideen Auzitegiak dio beste lagun bat ere desagerrarazi zutela Errusiako indarrek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu