Egunero gosaltzen dute gai berarekin, eta egunez egun egoera liseritzen ari direla dirudi. Trikimailu politikoetatik landa, israeldarrek ziurtzat jotzen dute Iranen aurkako erasoa. Baina beste une askotan gertatu izan den bezala, distantziaz begiratzen diote herritarrek gerra testuinguru posibleari. Iragan hilabetean Israelgo enbaxadetan gertatu ziren erasoek soilik piztu dute alarma gorria. Israelgo existentzia defendatzeko edozein neurri zilegi dela zabaldu da, berriz ere, segurtasunarekin itsuturik bizi den gizarte honetan.
Adituak, berriz, eszeptikoak dira erasoaren inguruan, baina ziurtzat hartzen dute Iran ahuldagoela, eta egoera hori nola edo hala aprobetxatzeko aukerari eusten diote.
Jerusalemgo Unibertsitate Hebrearreko irakaslea da Eldad Pardo, eta Irango historian aditua. Errepublika islamikoa krisi politiko eta ekonomiko larrian dagoela deritzo, eta haustura horri erantzuten diote enbaxadetako eraso «narrasek». Israelen aski ezaguna da Menaxe Amir kazetari iraniarra; haren ustez, Ali Khamenei aiatolaren eta Mahmud Ahmadinejad presidentearen arteko desadostasunen ondorio dira. Arrazoiak arrazoi, erasook bi estatuen arteko «ezkutuko gerra» begi bistan utzi dute berriro, eta energia nuklearra izateko «eskubidearen» eztabaida berpiztu.
Israelek anbiguotasun politikari eusten dio gaiaren inguruan, baina ahalmen nuklearra izateko eskubidea onartzen dio nazioarteak, zatiketarik gabe. Bere burua defendatzeko eskubideaz hitz egitean holokausto hitza agertzen da ezinbestean. Ez da gauza bera gertatzen Iranen kasuan. Pardok hala ikusten du: «Mundu mailako desarmea bultzatu behar dugu, baina herrialde batzuek beste batzuek baino lehenago hasi behar dute. Nazioartean onarturiko herrialde bat da Iran, eta ez dago etengabeko mehatxupean. Ez diot ikusten arma nuklearrik izateko arrazoirik».
Zergatik orain?
Mehatxuz mehatxu, Israelen existentzia jokoan dagoela konbentzitu nahi ditu herritarrak Benjamin Netanyahu Israelgo gobernuburuak, eta mezua zabaltzen laguntzen ari dira hainbat estamentu. Iragan astean, armadako Lior Gadaby koronelak «ardura» erakutsi zuen, eta esan gerra egoeran herritarren %40k ez luketela gas maskararik izango.
«Irango erregimena hiru edo lau bonba izatear dago. Misilak badituzte, eta prozesuaren zatirik zailena den uranioaren aberastea aspalditik egiten dute», ziur dago Pardo. Amir ere iritzi berekoa da, eta israeldar gehienen ahotan dagoen galdera planteatzen du: «Ahalmen nuklearra eskuratu aurretik geratu behar genituzke ala programa nuklearra izan dezaten utzi behar genieke?».
Nolanahi ere, Tel Avivek erakutsi nahi duen batasunaren kontra, Israelgo aditu gehienek ez diote erasoari babesik erakusten. Galdera bat dabil, ordea, airean: zer gertatuko litzateke Iranen aurka egingo balute? Hiru ondorio posible dituzte adituek esku artean. Baikorrenen ustez, Irango erregimena apalduko luke, eta, beraz, eraginkorra izango litzateke. Ezkorrek, ordea, Israelen kontrako misil jauzia gerta litekeela irizten diote. Katastrofistek, berriz, ziurtzat jotzen dute Israelentzat kaltegarria litzatekeen eskualdeko gerra bat. «Denok dakigu nola hasten den gerra bat, baina inor gutxik daki nola amaitzen den», nabarmendu du Pardok.
Israelgo iritzi emaileek segurtasunaren eta bakearen arteko hitz jokoak erabili dituzte egunotan. Pardok bere iritzia eman du ezinbestean: «Ez nago erasotzearen alde, badakidalako Irango erregimenak barnetik eztanda egingo duela». Amirrek, berriz, presio diplomatikoan sinesten du. «Iranen kontrako zigorrak gogortu beharko lituzke Mendebaldeak, eta erregimenaren kolapsoa eragin».
Zigorrak gogortu, eta erregimena bere kabuz erortzen utzi. Hori da Israelgo prentsa eta akademia arloko aditu gehienen ikuspegia. Netanyahuren gobernua, ordea, ez dago ados, eta ez du aldaketa politikoa iristen denerako Teheranek bonba nuklearra izaterik nahi. Horregatik, ez da baztertu behar Israelek inori itxaron gabe aurrea hartzea. Badirudi eraso egitea ala ez egitea baino gehiago noiz erasotzea dela Tel Aviven auzia. Israelgo diskurtsoan ez da zalantzan jartzen Iranen aurka eraso egiteko eskubidea duen ala ez.
Mendebaldea ordezkatuz
Errepublika islamikoa gelditzeko ahaleginean Israel ez dagoela bakarrik nabarmendu nahi du Netanyahuk, eta ideia horri erantzuten dio gobernuak abiarazi duen nazioarteko kanpainak. Batez ere AEBetara bideratu bada ere, Europan eta gainontzeko herrialde arabiarretan eragina izaten ari da. Ikuspuntu hori aho batez babesten du Pardok. «Israel ez da punturik nagusiena auzi honetan. Mendebaldeko zibilizazioa dago jokoan. Israel Mendebaldeko deabruaren sinbolorik hurbilena besterik ez da Iranentzat». Ekialde Hurbileko herrialde arabiarren rola ere aldarrikatzen du Amirrek: «Inguruko estatu asko daude Irango programa nuklearra mozteko prest. Galde iezaiozu Arabia Saudiri».
Aitzitik, Gershom Gorenberg analista politikoak uste du Israelek ez duela jokatu behar inoren adierazle gisa, eta indarra hartzen ari den sektore kritikoaren diskurtsoa bere egin du. «Iranen aurka egingo dutela entzundakoan, hau datorkit burura: nor ari da ni erasorako konbentzitzen, eta zergatik?», adierazi du. Pardok erdiko bidea du nahiago, eta defendatzeko eskubidea onartu arren, «gobernuaren ageriko interesak» salatu ditu. Tartean, kritika zorrotza egin dio Netanyahuri. «Iranen kontrako erasoa erabiltzen ari dira Israelek pairatzen dituen arazo larriak ezkutatzeko. Amaieran, ordea, gobernuak hartzen duen edozein erabakiri jarraituko diote israeldarrek», ziur dago. Pardok ez du zalantzarik: «Azken finean, Israel ez da herrialde bakezalea».
Eta egia izango balitz?
Benjamin Netanyahuren gobernuak azkenaldian gerra hotsak gero eta ozenago zabaldu baditu ere, Irango eraikuntza nuklearren kontrako eraso militarrak ez dauka uste bezainbesteko babesik Israelen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu