Ukrainako Gobernuak utzi egin dio Malaysiako hegazkineko biktimak bilatzeari, inguruan izaten ari diren borrokengatik. Hori horrela, aurretik inguru horretan ezarritako menia eten egin du, eta bilaketa lanei berriro ekiten dienean jarriko du berriz indarrean.
Mark Rutte Herbehereetako lehen ministroak azaldu du Ukrainako segurtasun indarren eta matxino errusiazaleen arteko borrokek arriskuan jartzen dituztela biktimak bilatzen ari diren adituak. "Egoera okerrera doa egunez egun, eta ezinezkoa da lanekin jarraitzea". Malaysiako hegazkina uztailaren 17an erori zen Donetsken; bidaiari guztiak hil ziren.
Borroka horiek biktima gehiago eragin dituzte gaur, hain justu. Donetskeko agintariek jakinarazi dutenez, gutxienez zibil bat hil dute ospitale baten kontra egindako erasoan. Gatazka betean, Andri Parubi Ukrainako Defentsa eta Segurtasun Batzordeko buruak dimisioa eman du. Aleksandr Borodai Donetskeko Herri Errepublikako Lehen ministroak ere kargua utziko duela iragarri du.
Bien bitartean, Liow Tiong Lai Malaysiako Garraio ministroak jakinarazi du hurrengo astean kaleratuko dutela hegazkinarekin istripuaren nondik norakoak biltzen dituen atariko txostena. Gaineratu du oraindik datuak biltzen ari direla, eta garrantzitsuena kutxa beltzetan dagoen informazioa izango dela.