Etenik gabe ihesean

NBEren arabera, iaz mundu osoan 800.000 lagun errefuxiatu ziren, azken hamarkadako kopuru altuena

mikel rodriguez
2012ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
800.000 lagun. Hori da UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera iaz gatazka politikoen ondorioz herrialdea utzi behar izan zutenen kopurua mundu osoan. Antonio Guterres goi mandatariak azaldu duenez, azken 11 urteetan UNHCRk bildutako kopururik handiena izan da. Iaz «hiru krisi masibo» sortu izana aipatu du horren arrazoitzat, «inoiz ikusi ez dena»; Siriakoa, Sudanen eta Hego Sudanen artekoa, eta Malikoa dira gatazka horiek. Aurten ere egoerak ez dirudiela «aldekoa» erran du Guterresek. Gainera, UNHCRk ohartarazpen berezia egin du emakume errefuxiatuen egoeraren inguruan, eta bereziki salatu du sexu erasoak jasateko duten arriskua.

NBE Nazio Batuen Erakundeko agentziaren arabera, iaz Siriatik 80.000 lagunek egin zuten ihesi, Sudandik Hego Sudanera eta Etiopiara 190.000 inguruk, eta Malitik 160.000k. Gatazka horiek «krisi zaharrei» gehitu zaizkiela azaldu du Guterresek, hau da, Kongoko Errepublika Demokratikoko, Somaliako eta Afganistango gerrei. Egoera larriagotu den arren, UNHCRko ordezkaria pozik agertu da nazioartearen erantzunarekin. «Turkiak, Irakek, Libanok eta Jordaniak Siriako errefuxiatuentzat mugak irekita edukidituzte, eta gauza bera egin dute Maliren ondoko herrialdeek ere». UNHCRek dioenez, gainera, 2011ko zifrak urtez urte hamarkada batean izandakoak gainditu dituen arren, orokorrean mundu osoko errefuxiatuen kopurua zertxobait murriztu da —10,5 milioitik 10,4ra—, aurrez alde eginda zeudenen artean anitz etxeratu baitira. Iaz, Asiako eta Ozeano Bareko herrialdeetan zeuden errefuxiatu gehien —3,6 milioi—, eta Saharaz hegoaldeko Afrikan ondoren—2,7 milioi; Afrika iparraldeko datuak Ekialde Hurbilarekin bateratzen ditu UNHCRk—.

3,5 milioi barne desplazatu

Barne desplazatuen datuei dagokionez, herrialdetik kanpo jo dutenen antzeko joera deskribatu du NBEren agentziak. Denera, 3,5 milioi lagunek ihes egin zuten herrialde bereko bertze eskualderen batera, 2010ean baino %20 gehiagok; etxera itzuli ziren barne desplazatuen kopurua, berriz, 3,2 milioikoa izan zen, «urte anitzetako kopururik handiena», Guterresek dioenez. Barne desplazatuen kopuru orokorra atzerria joandakoena baino handiagoa da: 15,5 milioi mundu osoan.

Sexu erasoen mehatxua

Zifrak horiek direlarik, emakumeen egoeraz ohartarazi du bereziki errefuxiatuen laguntzarako agentziak. «Emakumeek bidaia luze eta arriskutsuei aurre egin behar diete, eta horietan arreta faltari, jazarpenari eta sexu erasoei, gatazka gunetik ihes egin ondoren ere». Gerretan sexu indarkeria erabiltzen dutenen «zigorgabetasuna» salatu du UNHCRk, eta azaldu du inpunitatearen arrazoia ez dagoela soilik gatazkaren baitan, baizik «gaizki egituratutako gizartean, generoen arteko ezberdintasunean oinarritutakoan». Sexu erasotzaileen profila ere, ez du elkar borrokan ari diren aldeetara murriztu, eta «eraso batzuk» zibilek, osasun arloko edo hezkuntzako langileek, eta herritarrak laguntzera bidalitako nazioarteko erakundeetako kideek ere egin dituztela ohartarazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.