Etiopiako Gobernuak alde bakarreko su-eten bat iragarri du iparraldeko Tigrayko gerrarako, eskualde horretako behin-behineko gobernuak hala egiteko eskatu ostean. Printzipioz irailera arte iraungo du, nekazaritza sasoia amaitu arte. Erabaki horren aurretik, TPLF Tigray Askatzeko Herri Fronteak eskualdeko hiriburuaren kontrola bereganatu du, eta Etiopiako armada handik ateratzea behartu.
NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterresek pozez hartu du Etiopiako Gobernuaren erabakia, eta adierazi du menia «egiazkoa» izango denaren itxaropena duela: «Ezinbestekoa da zibilak babestea, laguntza humanitarioa iristea eta irtenbide politiko bat aurkitzea. Ez dago irtenbide militarrik». Joan den martxoan, NBEk adierazi zuen Tigrayn gertaturikoak «gerra krimentzat» jo daitezkeela.
Iragan azaroaren hasieran, Etiopiako armadak operazio militar bat hasi zuen TPLFren aurka. Abiy Ahmed herrialdeko lehen ministro eta Bakearen Nobel saridunak salatu zuen eskualde horretan egiten ari ziren ekintza «oldarkor eta ilegalek» konstituzioa eta ordena konstituzionala «arriskuan» jartzen zutela, baita Etiopiaren subiranotasuna mehatxatzen ere; horren harira ezarri zuten larrialdi egoera, eta operazioa abiatu. Parlamentuak Tigrayko Gobernua desegiteko erabakia ere hartu zuen, eta hango legealdia «legez kanpokotzat» jo.
Harrez geroztik, Addis Abebaren aginduz, Etiopia iparraldeko eskualdea erabat bakartuta dago, eta NBEk ezin izan du laguntzarik eraman, gobernuak sarbidea debekatu baitio.