"Garaiak aldatzen direnean, guk ere aldatu beharra daukagu. Erronka berriei erantzun berriak bilatu behar dizkiegu". AEBek aurrerantzean izango dituzten betebehar nagusiak zerrendatu ditu Obamak bigarrengoz kargua hartu osteko lehen hitzaldian, Washingtongo Kapitolioaren aurean. "Gerraren hamarkada amaituta", ekonomia berpizten hasia dela nabarmendu du: "Amerikak oraintxe dituen aukerak amaiezinak dira. Une honetarako eginak gaude, eta probestuko dugu, baldin eta elkarrekin egiten badugu".
Elkartasuna eta berdintasuna izan ditu mintzagai hitzaldiaren zati handi batean: "Pobrezian hazi den neska txikiak jakin behar du beste edonork bezainbeste aukera dituela, estatubatuarra delako, besteen berdina delako". Aukera berdintasun hori lortzeko, ahulenen babesa bermatu behar dela nabarmendu du, eta adibide gisa jarri ditu errepublikanoen aldetik hamaika kritika eragin dituzten Midecare eta Medicaid osasun programak: "Ez gaituzte banatzen; aitzitik, indartu egiten gaituzte".
Ekonomia berpizteko gakoetako bat energia eredua aldatzean dagoela ere esan du: "Horretan ez badugu asmatzen, gure seme-alabei traizioa egiten ari gara". AEBek prozesu horri "muzin" egin beharrean, lidergoa hartu behar dutela defendatu du.
2014. urte amaierarako Afganistandik atera nahi dituzten soldaduentzat ere izan du hitzik. Goraipatu egin ditu, baina esan du "desberdintasunak era baketsuan" konpondu behar direla: "AEBen lana da bakea ziurtatzea. Demokrazia zabalduko dugu, Afrikatik Asiaraino, Ekialde Hurbiletik Ameriketaraino".
Generoko parekidetasunari keinuren bat egin dio: "Gure bidaia ez da amaitu gure alabek dagokien soldata lortzen duten arte, ezta gure anai-arreba homosexualek legearen aldetik tratu berdina jasotzen duten arte ere".
Bigarren kargu hartzea
Duela lau urte 1,8 milioi pertsona izan ziren Barack Obama Amerikako Estatu Batuetako presidenteak karguaren zina egiteko ekitaldi publikoan; oraingoan 600.000 espero zituzten. Aurrekoa historiako inbestidura saiorik jendetsuena izan zen; ikusmin handia piztu zuen, lehenbiziko aldia zelako presidente beltz bat izendatzen zutena.
Inkesten arabera, %51aren babesarekin hasi du Obamak bigarren agintaldia. Lehenbiziko alditik asko jaitsi da harekiko jakinmina, eta asko zapuztuta ere gelditu dira kunplitu gabeko promesa handiekin.
Gaur bezala, John Roberts AEBetako Auzitegi Goreneko presidentearen aurrean egin zuen atzo zin Obamak. Joe Biden presidenteordeak ere atzo hartu zuen kargua, Obamak baino lau ordu lehenago, Sonia Sotomayor epailearen aurrean.