Mundua

"Etsita, Siriara itzultzekotan dira asko"

Ane Irazabal BERRIAko kolaboratzailea aske geratu da beste kazetariekin batera, hamabi orduz mugan atxikita egon ostean. Mazedoniara herenegun iritsitako errefuxiatu guztiak Idomeniko kanpalekura bueltatu dituzte.

2016ko martxoaren 16a
19:50
Entzun

Atzera Greziara eraman dituzte herenegun Idomeniko kanpalekutik ihes egin eta Mazedoniara sartzea lortu zuten ehunka errefuxiatuak. 1.000 lagun inguru, zehaztu zuen atzo Greziako Barne Ministerioak. Errefuxiatuek soka baten laguntzarekin lortu zuten Suva Reka zeharkatu eta muga gainditzea, baina militarrek Moin (Mazedonia) herrian atzeman zituzten. «Martxa desesperatua izan zen, errefuxiatuen azken aukera», deskribatu dio Ane Irazabal kazetariak BERRIAri. Irazabal —beste 70 bat kazetari, ekintzaile eta boluntariorekin batera— hamabi orduz izan zuen atxikia Poliziak Gevgelijako (Mazedonia) polizia etxean. «Militarrak zain genituen herrixkan. Errefuxiatuei lurrean esertzeko agindua eman zieten, eta kazetariok handik urrundu gintuzten». Kazetari bakoitzak 260 euroko isuna ordaindu behar izan zuen, eta sei hilabetez galarazita izango dute Mazedonia zapaltzea.

Ondo antolatutako martxa izan zela dio Irazabalek. «Jendeak ederki ezagutzen zuen ibilbidea. Migratzaile ekonomikoek askotan zeharkatzen dute, batez ere babes politikorik eskatu ezin duten tunisiarrek, pakistandarrek eta marokoarrek». Idomeniko kanpalekuan eskuorri batzuk banatu zituzten aurreko gauean, errefuxiatuei muga gurutzatzeko deia eginez. Mapa txiki bat zeukan marraztuta, eta bertan hesia non amaitzen zen zehazten zen. Helburua erdiesteko, Suva Reka erreka gurutzatu behar izan zuten. «Familia askok egin zuten aurrera. Elkarri helduta gurutzatu behar izan zuten, ura indartsu baitzetorren. Aurreko gauean hiru pertsona ito ziren bertan».

Hain zuzen ere, kanpalekuan banatutako eskuorriari egin zion atzo erreferentzia Greziako Gobernuak. Errefuxiatuak desinformatu eta engainatzen saiatzea leporatu zien kanpalekuko boluntarioei. Alexis Tsipras Greziako lehen ministroak telebistaren bitartez hitz egin zuen: «Atzo gertatutakoa onartezina da. Aspalditik egoera zitalean bizi diren horiek desinformazioaren biktimak izan ziren».

Atenasek «eskrupulurik gabeko desinformazio» gisa deskribatu du eskuorria. Testuak zioen Greziako eta Mazedoniako muga ez dutela berriz irekiko. Horrez gain, aipatzen zen Greziako agintariek pentsatu dutela kanpalekua hustea, bertan daudenak atxilotzea eta Turkiara eramatea autobusetan.

Telebistaz zabaldutako mezuan, Tsipras Idomeniko errefuxiatuei mintzatu zitzaien, nahiz eta kanpalekura seinalerik iritsi ez. «Dei egiten diegu Idomenin dauden errefuxiatuei; ez daitezela tematu gune horretan gelditzearekin. Jende horri esan nahi diot mugak ez zituztela kasualitatez itxi. Ez dago aukerarik ibilbide hori itxi zutenek berriz ireki ditzaten mugak».

Atenasen nahia da Idomenin dauden 12.000 errefuxiatuak antolatutako harrera zentroetara eramatea. Irazabal sinetsita dago Greziako Gobernuak ez duela erabiliko indarkeria errefuxiatuak Idomenitik aldentzeko. «Nekea dela, hotza dela edo euria dela, derrigortzen ari zaie errefuxiatuei beren kabuz uztera Idomeniko kanpalekua, Atenasera edo kanpaleku ofizialetara bueltatzeko». Burumakur ikusi ditu errefuxiatuak, asko eta asko beren etxeetara bueltatzeko pentsamenduarekin. «Etsita, Siriara, Irakera edo Turkiara itzultzekotan dira asko. Diru guztia galdu dute».

Bisita kanpalekura

Migrazioaren Europako komisario Dimitris Avramopulosek «onartezintzat» jo zuen Idomeniko errefuxiatuek duten egoera. Avramopulosek bisita egin zuen kanpalekura egoera «gertutik ezagutzeko», eta bertan bizi diren migratzaile eta erakundeekin elkartu zen. Dei egin zien EBko estatuei beren mugak zabaltzeko eta elkarrekin hartutako erabakiak errespetatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.