Trantsizioa gidatzeko itzuli da Mohamed El Baradei (Kairo, 1942) Egiptora, «jendeak hala nahi badu». Haren etorrerak askoren ilusioa piztu duen arren, beste hainbatek zalantzan jarri dute iraultzaren buru izateko El Baradeiren ahalmena.Izan ere, herrialdetik at igaro dituen urteen ondorioz, askoren ustez ez du Egipto ezagutzen, eta are gutxiago herritarren aldarrikapenak. Etxean atzerritar gisa hartu du hainbatek.
Iraultza muturreraino eramatearen alde agertu da egunotan. Herritarrei euren ahaleginean jarraitzeko eskaera luzatu die. Hosni Mubarak kargutik kendu arte garaipenik aldarrikatu ezin dela uste du, eta orain atzera egin ezin dutela sinetsita dago. Egipto «aro berri baten atarian» dagoela adierazi du.
Diplomazialari lanak eginez ekin zion bere ibilbideari NBE Nazio Batuen Erakundean. Gerora IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren gidaritzaetorri zen. 2003an George Bushek Irak inbaditzeko erabili zituen argudioak gezurtatu zituen. Denborak arrazoia eman zion El Baradeiri, alegia Iraken ez zegoela masa suntsipenerako armarik, baina ordurako herrialdea okupatua zuten AEBek eta haren aliatuek.
2005ean arma nuklearrak ez ugaltzeko egindako ahaleginagatik Bakearen Nobel saria eman zioten egiptoarrari. «Armetan elikaduran baino diru gehiago erabiltzen dugun bitartean segurtasun arazoak izango ditugu», esan zuen orduko hartan.
IAEAko buru hamabi urtez jardun eta gero, 2009an kargua utzi ondoren, Egiptoko presidentetzarako hautagai izateko prest zegoela iragarri zuen.Iaz oposizioko hainbat kiderekin batera aldaketa politikoa eskatzeko talde bat sortu zuen.
Egiptokoa gidaririk gabeko iraultza dela diote analista politikoek. Egunotan Tahrir plazan banatu dituzten afixetan ere Iraultza herritarrena da, ez politikariena irakur zitekeen. Oposizioak Mubarak kanporatzeko bat egin duen honetan, ordea,El Baradei bilakatu da aldaketaren ikur nagusi. •
Soslaia. Mohamed El Baradei
Etxean kanpotar
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu