Istiluak AEB-etan

Etxeratze agindua ezarri dute Charlotten, manifestari bat hil ostean

Hiriko kaleak soldaduz eta Guardia Nazionalaren auto blindatuz beteta daude. Bart ere protestak egon dira.

Poliziak negar gasarekin desegin ditu bart gaueko manifestazioak, Charlotte hirian. VEASEY CONWAY / EFE
2016ko irailaren 23a
13:31
Entzun

Joan den astearte arratsaldean 43 urteko Keith Lamon Scott afro-amerikarra hil zuen tiroz, eta geroztik protestak eguneroko bilakatu dira Ipar Karolinako Charlotte hirian. Gobernadoreak etxeratze agindua ezarri zuen bart, aurreko egunetako istiluetan zauritutako manifestarietako bat hil egin zela jakin zenean.

Kaleak zaintzen dituzten soldaduek eta Guardia Nazionaleko auto blindatuek, ordea, ez dute protestak geldiarazteko balio izan. Bart ere ehunka lagun irten dira kalera Scotten heriotza salatu asmoz. Poliziak negar gasa erabiliz sakabanatu ditu manifestariak.

Poliziaren arabera, Scott arma batekin irten zen auto batetik, eta hura uzteko agindu ziotenean, ez zien kasurik egin. Aldiz, familiak gezurtatu egin du halakorik, eta eskatu dio Poliziari "berehala" publiko egin ditzala gertakarien inguruko irudiak. Segurtasun indarrek, baina, esan dute ez dutela halakorik egingo, argudiatuz ez litzatekeela egokia "biktimaren egunik txarrenaren grabazioa" erakustea.

"Arduragabekeria"

Betty Shelby poliziak tiroz hil zuen joan den astean Terence Crutcher, Tulsa hirian (Oklahoma). Poliziak berak azaldu duenez, autoan zihoala geldiarazi egin zuen Crutcher, argi bat apurtuta zuelako. Autotik irtenarazi eta argiari zer gertatu zitzaion galdetu zion, baina hark erantzun ez.

Hortik aurrerakoak, ordea, ez daude argi. Izan ere, poliziak dio gizona autoko leihotik eskua sartzen hasi zela eta haren asmoa arma hartzea zela pentsatuta tiro egin ziola. Aldiz, fiskaltzaren arabera, gizona besoak goran zituela zihoan poliziarengana, hark eraso egingo ziola pentsatu eta tiro egin zionean.

Gaur jakinarazi dutenez "arduragabekeriaz jokatzea" egotzi diote Shelbyri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.