Iraken okupazioa

Etxeratze agindua mantentzen den arren gutxienez 20 lagun hil dira gaur hainbat erasotan

Kerbala eta Bakuba hirietan izan dira gaurko eraso gogorrenak. Kerbalan bonba auto batek eztanda egin eta zortzi lagun hil dira gutxienez. Bakuban berriz familia bateko 12 senide hil dituzte. Antza denez, armak zeramatzaten hainbat gizon familia xiita baten etxean sartu dira eta tiroka hil dituzte guztiak. Etxeratzen aginduak ez du lortu xiiten eta suniten arteko indarkeriari eustea.

2006ko otsailaren 25a
18:50
Entzun
Kerbala hiri santua da xiitentzat eta bertan zortzi lagun hil dira gaur bonba auto batek eztanda egin ostean. Poliziak jakinarazi duenez, urrutiko kontrol baten bidez zartarazi dute Kerbalako merkatuan zegoen autoa. Hildakoak ezezik, pertsona asko zauritu dira.

Bakuban elkarrekin bizi dira xiitak eta sunitak. Gaur, pistoladun talde bat familia baten etxean sartu da eta tiroz hil ditu 12 senideak. Familiaren lagunen arabera hildakoetako bederatzi xiiak ziren eta beste hiruak, aldiz, sunitak. Tiroketan gertatutakoaren inguruan nahasmena da nagusi. Hainbat albiste agentziak baieztatu dutenez, nekazari familia bat zen eta baratzean lanean ari zirenean hil dituzte.

Bagdaden ere izan dira gaur erasoak, etxeratze agindua mantentzen den arren: Atuar Bahajat Al Arabiyako kazetariaren hileta elizkizunetan istiluak izan dira. Hilkutxa zeramatenei tiroz egin diete eraso eta ehorzketaren ostean bonba auto bat lehertu da hiletara joan direnen bidean.Lehenengo erasoan polizia bat hil da eta leherketaren ondorioz segurtasun indarretako hainbat kide.

Xiitek Al Askari santutegia suntsitu izana ez diete barkatu sunitei. Samarrako urre koloreko mezkita sakratua zen beraientzat. Ali al Hadi imamaren mausoleoa zegoen bertan. Xiitentzat munduko hamabi mausoleo sakratuen artean zegoen. Mahomaren ondorengoak izan ziren imamen gorpuak zeuden bertan lurperatuta. Asteazkenean lehergailuak zartarazi eta erabat suntsituta gelditu zen mezkita. Urre koloreko kupula barne. Orduz geroztik etengabeak izan dira suniten eta xiiten arteko erasoak. Gerra zibil bat sortuko ote den beldur dira asko eta asko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.