Zailtasunei aurre egiten dien buruzagia dela ezaguna da. Estatu kolpe bat eman zuen, estatu kolpe bat eman zioten, minbiziaren tratamenduan dago.
Erakutsi du ez dagoela gaindituko ez duen zailtasunik. Caracasen 14:30ean erori den euri jasak ez du utzi Chavez kanpainako azken mitinari distira ateratzen. Gobernuko presidentearen kanpainaren arduradunek dena zeukaten lotuta, milaka lagun biltzeko azpiegitura, Venezuala osotik jarraitzaileak ekartzeko garraioak... Bat ezik, naturaren eraso bustia.
Dena da sekulakoa Venezuelako politikan, tonu, jendetza eta euri jasa. Minutu gutxi batzuetan igerilekua bilakatu dira Simon Bolivar eta inguruko kaleak. Presidenteak hitz egin behar zuena baino bi ordu lehenago izan da euri jasa, eta ondorioz, mitinaren antolatzaileek, jarratzaileak pairatzen ari zirela ohartuta aurreratu egin dute mintzaldia.
Euritako jantziarekin, buru babesik gabe, atera da hautagaia segitzaileen eromenerako. Gogor ari zuen euria, inor ez da mugitu bere lekutik, ez hizlaria ezta ere entzuleak. Azken horiek, leku batzuetan txonkatilatik gora zeukaten ura. Hizketaldia moztu behar izan du Chavezek, eta segitzaileak diskurtso formaletarako ez zeudela jabetuta, slogan bilduma bat bota du, batere arazorik gabe bere deitura behin eta berriz errepikatzeko, beste behin agerian utzita darabilen pertsonalismoa,
entzuleen pizgarri.
Atzo Chavez ausartu ikusi genuen. Zailtasunen aurrean aurpegia ematen duena. Beste hautagai bat ito egingo zen atzoko jasarekin; Chavez, aitzatik, uretatik sortzen den figura dela erakutsi nahi izan zuen. Igual, inork aurrikusi ez zuen kanpaina bukaera perfektua.
Bukaera ekitaldi jendetsuekin
Ekitaldi jendetsuekin bukatu dute kanpaina Hugo Chavezek eta Henrique Capriles Venezuelako Gobernurako presidentegaiak.
Gaur eta bihar gogoeta egunak dituzte Venezuelan, eta etzi, hauteskundeak. Caprilesek mendebaldeko Cojedes estatuan amaitu du kanpaina. «Kaleko urakana milioika boto» bihurtzeko eskatu du. Chavezek, berriz, Caracasen bukatu du astelehenean hasitako karabana, Sabanetatik Mirafloresera. Azken ekitaldia Simon Bolivar etorbidean egin zuen presidenteak. Igandean hautestontziek erabakiko dute.
Euripeko igerilekuan ere, Chavez
Euria goian behera egin badu ere milaka jarraitzaile izan ditu Chavezek kanpainako azken mitinean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu