Azken egunotako euriteak baretzen hasi badira ere, alerta egoera zuten atzo Europa erdialdeko hainbat herrialdetan. Behin-behineko balantzeen arabera, 37 lagun hil dira gutxienez uholdeen ondorioz, eta ibai eta erreken urak gainezka egiteak galera itzelak eragin ditu. Alemania hegoaldeko Bavaria, Austriako Tirol eta Vorarlberg eskualdeak, Suitzako Alpeak, Errumania eta Bulgaria dira hondamen hauek gehien pairatu dituzten herrialde edo eskualdeak. Alemaniako Berdeak alderdi ekologistak eta ingurumenaren defentsan diharduen Greenpeace taldeak nabarmendu eta salatu dute eguraldiaren aldaketa eta makurraldietan industrialariek ere erantzukizuna daukatela.
Errumanian egin dute, oraingoz, azken egunotako uholde itzelek biktima kopuruen eta galera materialen aldetik makur handiena. Bukaresteko gobernuko Barne Ministerioak atzo emandako datuen arabera, 28 herritar hil dira eta beste sei desagertuta daude, gutxienez. Errekek eta ibaiek gainezka eginda eragindako kalteei dagokienez, berriz, 20.000 etxe inguru uren artean harrapatuta zeudela eta ehunka zubi andeatuak izan zirela zehaztu zuen. Bulgarian ere oso egoera larrian daude, eta ez egunotan soilik; azken hiru hilabeteetan gertatutako eurite eta uholdeen ondorioz, hogei bat lagun hil dira, gutxienez.Suitzako eta Austriako Vorarlbergeko eta Tirolgo eskualdeetako biztanleek dituzte gehienik pairatu uholdeen eta lur-jausien ondorioak. Hildakoak ere eragin dituzte: atzoko datuen arabera, lau hildako eta bi desagertu zenbatuta zeuden. Berna Suitzako hiriburuan, Aar ibaiak gainezka jarraitzen duelarik, Matte auzuneko 1.100 bizilagunak beste leku batzuetara eramaten jarraitu zuten atzo. Brientz herrian, zortzi etxe birrindu dituzte urek. Engelberg herrian, aldiz, bertako bizilagunez gain, oporretara joandako 1.500 lagun urez inguratuta zeuden atzo, eta kalte materialak oso handiak ziren. Luzerna eskualdean, aldiz, egoerak apur bat hobera egin zuen eta euren bizilekuetatik alde egiterat behartuak izan ziren 1.000 lagun inguru etxeratzen hasi ziren. Uholdeek eta luiziek eraginik izan dute, halaber, Suitza erdialde eta ekialdeko garraioetan. Errepide eta tren linea andana etenda zeuden atzo. Horiek guztiak horrela, aseguru etxeek egindako lehen estimazio baten arabera, uholde hauek eragindako galeren kostua 500 milioi franko suitzarrera (322 milioi eurora) igo daiteke, gutxienez.Alemaniari dagokionez, aldiz,hegoaldean kokatutako Bavaria da handizkienik kaltetua den eskualdea. Danubioak eta haren ibaiadar Innek eta Isarrek gainezka egin dute azken egunotako euriengatik. Neu-Ulm hirian, Danubioak gainezka egitearen ondorioz, erietxe bat eta adinekoen etxebizitza bat hustu behar izan zituzten. Kinka nahiko larri zegoen Mueldorf am Inn eta Freising hirietan ere. Uren gora egiteari aurre egiteko xedez, 70.000 harea zaku banatu zituzten eta 15.000 lagun sorospen lanei ekiteko prest ziren. Egoera guztiz kezkagarria zen, berriz, Ingolstad, Kehlheim, Neuburg, Passau, Ratisbonne eta Straubing herrietan. Munich hiriburuan bertan ere kezkak handitzen ari ziren Danubioko urek gora egiten jarraitu baitzuten. Goizean, 5,36 metroko altueran zeuden.
Ekologisten salaketak
Alpeen inguruko eskualdeetan, ostera, egoerak hobera egin zuen, atertu baitzuen. Garmisch-Partenkirchengo elurtegi ezagunean, urak apurka-apurka atzera egiten hasiak ziren, baita Eschenlohen herrian ere. Munich eta Stutgart hirien arteko lotura egiten duen A8 autobidea berriro ireki zuten; bezperan, aldiz, etenda geratu zen, Ausgburg eta Gersthofen herrien artean urak hartu baitzuen.
Egoeraz ohartzeko asmoz, Bavariako eskualdeburu Edmund Stoibergek eta Alemaniako Barne ministro Otto Schillik urpean hartutako lurraldeak helikopteroz begiztatu zituzten atzo. Irailean egingo diren Legebiltzarrerako hauteskundeen kanpainaren karietara, aldiz, Alemaniako kantziler Gerhard Schroeder Bavariako Augsburg hirian izango da gaur. Schroederrek dagoeneko agindu du estatu federalak diruz lagunduko diola Bavariari, jasandako uholdeen galerei aurre egiteko.Anartean, hondamen hauek ez direla hain naturalak ohartarazi nahian, Berdeak alderdi ekologistako kide den Alemaniako Ingurumen ministro Juergen Trittinek hauxe adierazi zuen atzo: «Gertatu diren eurite hauek zerikusi nabarmena dute eguraldiaren aldaketarekin». Are argiago mintzatu zen, aldiz, ingurumenaren zainketan di-harduen Greenpeace erakundeko kide Karsten Smid. Industrialariek eguraldiaren aldaketan eta aroaren makurraldietan dauzkaten erantzukizunak nabarmendu zituen Smidek. «Argi dago nortzuk diren eguraldiaren aldaketen erantzuleak eta ez da bidezkoa Estatuak ordain dezan uholdeek eragindako kalteen kostua; ordaindu behar dutenak dira eguraldiaren aldaketaren eragileak diren horiek».
UHOLDEAK EUROPA ERDIALDEAN
Euriteak baretu badira ere, alerta egoeran daude hainbat herrialde
Alemanian, Austrian, Bulgarian, Errumanian eta Suitzan izan da kalte gehien, ibaiek eta errekek gainezka egitearen ondorioz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu