«Amazoniako suteak urrun daudela iruditu arren, Europatik sutara egurra botatzen ari gara». Hori salatzeko, Amazoniako suteak. Europa errudun hitzak eta sute baten irudia erakusten dituen 30 metroko oihal bat bota du Greenpeace gobernuz kanpoko erakundeak Europako Batzordearen egoitzaren aurrealdean, Bruselan. Izan ere, aurtengo suteen kaltea iazkoena baino handiagoa izatea espero dute.
Greenpeacen esanetan, deforestazioa bultzatzen duten produktuen kontsumoak suteen erantzule egiten du Europako Batasuna, eta produktu horiek EBko merkatutik kanpo mantentzeko eskaera egin du, beste ehundik gora erakunderekin batera: «Haragia, pentsurako soja eta deforestatutako guneetako beste produktu batzuk erostean, Amazoniaren eta beste ekosistema batzuen suntsipenaren konplize da Europa».
Gauzak hala, Europako kontsumitzaileek «basoen suntsipenarekin eta giza eskubideen urraketekin» lotura duten produktuak saihesteko aukera izan behar dutela azaldu du erakundeak: «Europa mailako legedi bat behar dugu bermatzeko». Horretan lanean hasia dela adierazi du Europako Batzordeak, baina «sendotasuna» eskatu dio GKEak, orain arteko «borondatezko neurriek» eta «enpresen promesek» huts egin dutela argudiatuta.
Klima aldaketa eta pandemiak eragozteko
Egun, Greepeaceren arabera, munduan basoen hektarea erdi bat galtzen da segundoko. Nekazaritzaren eta abeltzaintzaren hedapena dira deforestazioaren %80ren arrazoia, nagusiki sojaren, palma olioaren eta behi haragiaren produkzioa. Hala, EB galera horren %10en errudun dela uste du GKEak, produktu horien zati handi bat inportatzen baitu: behi haragiaren %41, palma olioarenen %25 eta sojaren %15. Horiei papera, esnekiak eta kakaoa gehitu behar zaizkie, besteak beste.
Basoen desagerpena klima aldaketaren arrazoi nagusietako bat da, deforestazioak munduko karbono igorpenen %10 inguru eragiten baitu. Horrez gain, COVID-19aren pandemia eta halakoak eragozteko ere «ezinbestekotzat» jo dute ekosistema horiek defendatzea. GKEaren esanetan, Nazio Batuen Erakundeak eta Osasunaren Mundu Erakundeak ohartarazi dute agerraldien jatorrian jarri beharko dela arreta, hau da, «naturaren suntsipenean».