Iragarrita zegoen Atlantikoan sortutako Kyrill ekaitzak Europa erdialdea eta iparraldea astinduko zituela, baina hala ere, ezin izan dira hildakoak saihestu. Gutxienez 46 zendu dira, eta milioika eurokoak izan dira galerak. Alemania, Erresuma Batua, Frantzia, Belgika, Txekia, Polonia eta Herbehereak izan dira kaltetuenak.
Letoniatik Errusiara bidea hartu zuen ekaitzak atzo, baina indarra galduta iritsi zen. Alerta gorria kendu arren, haizeteak egun batzuk iraungo duela-eta arreta eskatu dute.
Kalte materialak izugarriak izan dira. Haizeak aurrean zuen guztia eraman baitzuen, etxebizitzetako eta eraikinetako teilatuak eta beirak, zubiak, autoak, argindar zutoinak, zuhaitzak eta beste hamaika.
Herenegun hasi ziren haizearen eta euriaren ondorioak nabaritzen. Berlingo tren estazioa -Europako handiena-, itxi behar izan zuten habe nagusietako bat erori zelako. Horrek erakusten du haizearen indarra zenbaterainokoa izan zen Alemanian. 200 kilometro orduko abiaduraraino heldu zen, eta trenbide sarea itxita egon zen herenegun. II. Mundu Gerran ere ez zuten trenbide sarea itxi. Ehun mila suhiltzailek baino gehiagok egin zuten lan bazterrak garbitzen.
Erresuma Batuan ere, sekulakoa izan da haizea, eta aspaldiko olatu handienak ikusi zituzten han. Itsasontziak geldirik egon dira ia bi egun. 17 urtean egon den ekaitzik bortitzena izan dute bi egunetan. Herbehereetan errepide sarea kaotikoa izan zen herenegun. Istripuak eta kilometroetako ilarak eragin zituzten haizeak eta euriak, eta jendearen izuaren eraginez hainbat istripu egon ziren.
Txekian ere errepideetan egon zen batez ere arazo gehien, eta hiru hildakoak autoan zihoazela zuhaitz bat gainera erorita hil ziren. Polonian 5.000 lagun atera behar izan zituzten suhiltzaileek etxebizitzetatik, teilaturik gabe geratu baitziren.
Frantzian iparraldea eta ekialdea izan ziren kaltetuenak. Manchako itsasartean, zamaontzi bat hondoratzeko arriskuan egon zen, eta 26 lagun atera behar izan zituzten handik. Itsasartean itxi egin zuten. Austrian, Ukrainan eta Luxemburgon ez zen hildakorik egon, baina kalteak izugarriak izan ziren herrialde horietan ere.
Aurten ekaitz asko egongo direla iragarri dute eguraldi adituek, Ipar Atlantikoko ura ohikoa bainoberoago baitago -0,5 eta 1 graduen artean-, eta ondorioz, haizeak hezetasun eta intentsitate gehiago hartzen du.
Europa astindu duen ekaitzak gutxienez 46 lagun hil ditu
'Kyrill' ekaitzak milioika euroko galerak eragin ditu; Europa utzi eta indarrik gabe heldu da Errusiara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu