Ezberdintasunen gainetik, adostasuna lortu nahi du, beste behin, EB Europako Batasunak. Paperik gabeko etorkinen atxiloaldia eta kanporatzea zehazteko hiru urte iraundako eztabaidaren ondotik, zuzentarau proposamena jarri dute mahai gainean azken egunetan. Oraingoz, ordea, adostasuna ez baizik eta jarrera bateratua lortzeko oztopoak dira nagusi EBko 27 estatuen artean; besteak beste, proposamenean jasotzen direnak baino neurri gogorragoak eskatzen baitituzte hamar estatuk; tartean, Alemaniak, Frantziak eta Italiak.
Eztabaidagai den zuzentarauak Europako Batzordeak duela hiru urte aurkeztutako proiektuak baino berme gutxiago aitortzen dizkie paperik gabekoei. Hemezortzi hilabeteko gehienezko atxiloaldia, espetxeratzea eta indarrez kanporatzen badituzte bost urtean EBra itzultzeko debekua ezartzen du, beste hainbat neurriren artean. Hala ere, herrialde askorentzat neurri horiek ez dira aski etorkin «uholdeari» ateak ixteko.
Immigrazio gaietan politika gogorragoak jartzearen aldekoak diren hainbat agintarik - Nicolas Sarkozy Frantziako presidentea eta Silvio Berlusconi Italiako lehen ministroa, besteak beste- , EBn premiaz eztabaidatu beharreko gaien artean jarri dute paperik gabeko etorkinen auzia. Hala, «mugak itxi eta delinkuente bihurtzeko arriskua duten lanik gabeko atzerritarrak identifikatzeko guneak» prestatuko dituela hitzeman du Berlusconik. Sarkozyk ere immigrazioa lehentasunez jorratzeko asmoa du Frantziak EBko presidentetza eskuratzen duenean. Etorkinen egoera arautzearen aurkakoa da Sarkozy, eta paperik gabekoak kontratatzen dituzten enpresaburuei, berriz, «hipokrita» izatea leporatu die. Egun, paperik gabeko zortzi milioi etorkin inguru daude Europako Batasunean.
EZADOSTASUNA. Zuzentarauaren gaineko eztabaidari datorren astean helduko dio berriz Europako Batzordeak. Alabaina, EBko estatuen oniritzia jasotzeko gehiengo kualifikatua lortu beharko du. Italiak, Frantziak, Alemaniak, Austriak, Txekiak, Hungariak, Maltak, Lituaniak, Greziak eta Poloniak proposatutakoari jarraiki, neurriak gogortzen badituzte, ordainetan Europako Parlamentuak bere eskariak aintzat hartzeko eskatuko du: paperik gabeko etorkinentzat errespetu eta berme handiagoa, hain zuzen.
Horregatik guztiagatik, datorren astean egingo duten bileratik ez da askorik espero. Aitzitik, 27 estatu kideetako enbaxadoreek zuzentarauaren alde eginda ere, datorren ekainean Europako Parlamentuan bozkatu beharko dute proposamena, eta han ere ezadostasuna da nagusi. Popularrek eta liberalek alde egiten dute, Ezkerreko Batasunak eta Berdeek, berriz, kritikak egin dizkiote, paperik gabeko etorkinen eskubideak larri urratuko dituela argudiatuta. Sozialistak, banatuta daude.
JOAN-ETORRIKO BIDAIA ETORKINENTZAT. Etorkinen atxiloaldiak sortu du eztabaida gehien. Lan eta egoitza baimenik gabe dauden etorkinak sei hilabetez atxilotzeko aukera jasotzen du zuzentarauak. Askok neurri hori gehiegizkoa dela uste dute, ordea, egindakoa falta administratibo bat baino ez dela kontutan hartuta. Alabaina, atxiloaldia hemezortzi hilabete arte luzatu ahalko da «kanporatze prozesua lankidetza faltagatik luzatzen den kasuetan» edo «hirugarren herrialdeetara bidaltzeko dokumentaziorik lortzen ez bada». Halaber, bakarrik iristen diren adingabeak atxilotzeko aukera ere izango dute, «azken aukera moduan eta ahalik eta epe laburrenean bada».
Kontrol judiziala murriztea aurreikusten da, bestalde. Hala, epailearen agindurik gabe,paperik gabeko etorkinak atxilotu ahalko dituzte administrazio organoek. Azken horien erabakia berretsi beharko dute gero epaileek, baina zuzentarauak ez du jasotzen horretarako epemugarik. Orain hiru urteko Europako Batzordeko lege proposamenak salbuespen egoeretarako baino ez zuzen aurreikusten epailearen agindurik gabeko atxiloketa. 72 urteren buruan auzitegiek berrestea galdatzen zuen, gainera. Etorkinentzako atxilotze zentro bereziak betetzen diren kasuetan, bestalde, kartzelaratzea ere posible izango da.
Hainbat alderdik eta giza eskubideen aldeko erakundek martxan jarri nahi dituzten neurriak kritikatu badituzte ere, egun bederatzi estatuk etorkinen atxiloaldirako epemugarik ez dutela zehazten gogoratu dute EBko iturriek, eta beraz, sei eta hemezortzi arteko epea ezartzea aurrerapauso garrantzitsua litzatekeela ziurtatu dute.
Europa bakarra
Paperik gabeko etorkinak atxilotu eta kanporatzeko proposamena onartzeko, eztabaidan ari dira EBn egunotan. Hemezortzi hilabeteko atxiloaldia jasotzen du, besteak beste, proiektu horrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu