Siriako erregimenak asteburuan Al-Haulan 108 pertsona hil zituela eta —haietatik 49 haurrak ziren—, Europako Batasuneko herrialdeak Siriaren enbaxadoreak kanporatzen hasi dira gaur. Modu bateratuan hartutako erabakia da, Italiak esan duenez.
Italian bertan Atzerri Ministerioak jakinarazi du Siriako enbaxadorea kanporatu duela. Frantzian François Hollande presidenteak iragarri du aurki kanporatuko dutela Siriak han duen arduradun diplomatikoa. Alemanian Atzerri Ministerioak ere eman du berria, eta Espainian Jose Manuel Garcia Margallo Atzerri ministroak eman du. Bulgariak ere egotzi du enbaxadorea. Herbehereek pertsona non grata izendatu dute.
Erresuma Batuak eta AEBek, berriz, Siriak Londresen eta Washingtonen negozioak egiteko dituen arduradunak kanporatuko dituzte, arrazoi beragatik. Siriaren bi diplomatiko ere bidaliko ditu EBk.
Australiak eta Kanadak ere egotzi dituzte Siriaren enbaxadoreak.
Siriak "ahalegin handiagoa egiteko" eskatu dio Annani
Kofi Annan Nazio Batuen Erakundearen eta Arabiar Ligaren mandatari berezia Damaskon da, herrialdearen egoera bideratzeko asmoz. Gaur, Baxar al-Assad Siriako presidentearekin bildu da, eta oraindik bileran hitz egindakoaren berri eman ez badute ere, atzo dagoeneko eman zuen Annanek bere eskarien berri: "pauso eraginkorrak" eskatu zizkion Siriari, bakerako plana salbatu ahal izateko.
Walid al-Mualem Siriako Atzerri ministroarekin bilera egin zuen atzo Annanek, eta Al-Mualemek ziurtatu zuen NBEren behatzaileen misioa zaildu dezakeen edozein traba gaindituko duela gobernuak.
"Ahalegin handiagoa egiteko" eskatu zion Annani. Sana berri agentziaren arabera, Atzerri ministroak Sirian "benetan" gertatzen ari denaren berri eman zion, baita gobernua "arlo guztietan" ematen ari den "pausoen" berri ere.
NBEren behatzaile misioan 300 lagun inguru daude egun. Bi aldeek apirilaren 12an onartutako su-etena betetzen ari diren begiratzea da behatzaileen lana. Joan den astean, baina, ohartarazi zuten haien presentziak ez duela indarkeriarik eza ziurtatzen.
Oposizioko iturriek gaur zabaldutako informazioaren arabera, azken 24 orduetan Atareb hiriaren inguruan izan diren erasoetan gobernuko hogei soldadu, sei zibil eta sei matxinatu hil dira.