«Txekiako auzia serio aztertzea espero dut. Irtenbide baten bila gabiltza, eta kide guztiek horren alde egin dezaten nahi dut». Fredrik Reinfeldt Suediako lehen ministro eta Europako Batasuneko presidenteak argi azaldu du: Bruselak aterabidea bilatu behar dio Lisboako Itunari, eta gaur amaituko den goi bilerak horretarako aukera eman behar du, ezinbestean. Txekiak ituna berrets dezan, izan ere, EBko estatu kideek «erabaki politikoak» har ditzaten nahi du Reinfeldtek. Bera aritu baita bitartekari lanetan; berak negoziatu du Txekiarekin, eta berak egin behar du ahalegina gainontzeko kideak konbentzitzen. Dena dela, goi bilera hasiberritan, atzo, ez zituen argitu mahai gainean jartzekoak zituen proposamenen ingurukoak. Erabakitakoak publiko egiten ez dituzten bitartean, hala, dena airean da oraindik. Bi aldeen arteko jarrerak, dena dela, elkarrengandik gero eta hurbilagoak dirudite. Hala ondoriozta liteke Txekiak aste honetan egindako adierazpenetatik; ofizialki aireratu ez bada ere, Suediarekin dagoeneko oinarrizko akordio batera ailegatu dela jakinarazi baitu.
Oinarrizko Eskubideen Gutunetik salbuestea eskatu du Vaclav Klaus Txekiako presidenteak. Bruselak gutunetik kanpo gelditzen uztea, horixe da Lisboako Ituna izenpetzeko azken orduan jarri duen baldintza. Europako Batasunaren erreformak, hala, geldirik daude artean. Eslovakiak berreste prozesua ez duela blokeatuko agindu duenetik, izan ere, bera da ituna indarrean sartzea galarazten duen bakarra. Eta Europa osoak haren zain jarraitzen du. Klausek, berak bakarrik, EBren erreforma prozesu osoa eten du.
Oinarrizko Eskubideen Gutuna onartzen badute, Txekoslovakiatik kanporatu zituzten alemaniarrek beren ondasunak erreklamatzeko aukera izango duten beldur, dokumentua eurei ez aplikatzeko eskatu du Txekiak. Eta Bruselak serio hartu du; itunak datorren urteko urtarrilean indarrean egon behar baitu. Bere planak zapuztuko ez badira, finean, Txekiaren eskariak aintzat hartu beste erremediorik ez duela konturatu da.
Baina atzetik Eslovakia etorri da; Txekiari ez ezik, eurei ere kontzesioak egin beharko dizkiela esanez. Hala, bi aukera eman zizkion Bruselari joan den astean: edo Txekiaren eskaria baztertu, edo Klausi ez ezik eurei ere kontzesio berak egin. Eslovakiaren azken momentuko ateraldiak, baina, ez du Klausenak bezainbat arrakasta izan. Eta, azkenean, atzera egin du. Orain Benes dekretuek indarrean jarraituko dutela bermatuko duen deklarazio politiko bat egiteko besterik ez du eskatzen.
Benes dekretuak
II. Mundu Gerra ondotik egindakoak pagaraziko dizkieten, horrek kezkatzen ditu Txekia eta Eslovakia. «Ezin dugu onartu Espainiako edo Maltako epaile batek Europako Auzitegira jotzea, gure historia ezagutu gabe, alemaniarrek euren ondasunak berreskuratzeko eskubidea dutela esanez», dio Txekiako Presidentetzak zabaldutako oharrak. 1945ean hiru milioi alemaniar kanporatu zituzten Txekoslovakiatik. III. Reicharekin kolaboratzea leporatu zieten, eta horregatik erbesteratu. Alemanian naziek agindu zuten artean Sudeteak III. Reicharen parte izan ziren.
Eduard Benes presidenteak hala aginduta kanporatu zituzten duela 60 urte jatorri alemaniarreko herritarrak -hortik, kanporatze dekretuak Benes izenez ezagutzea-. Eta, ordutik, hainbatetan ahalegindu dira erbesteratuak indarrez kendu zizkieten ondasunak berreskuratzen. Txekia eta Eslovakiako auzitegiek, baina, hutsean utzi dituzte ahalegin horiek guztiak.
Demandatzaileen arabera, desjabetzeak legez kanpo egin zituzten, eta horregatik, Txekian utzitako ondasunen jabeak izatenjarraitzen dute. Alabaina, Justiziaren arabera, salaketa horiek ez dute inolako funtsik, Benes dekretuen aurka doazelako. Oinarrizko Eskubideen Gutunak, baina, beste bide batzuk zabaldu ditzake. Txekiak eta Eslovakiak, aldiz, bide horiek itxita jarraituko dutela bermatu nahi dute.
Europa, txekiarren modura
Txekiako auziari irtenbidea emateko, «akordio politikoak» espero ditu Suediak gaur amaituko den goi bileran
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu