Sei urte igaro dira DTP Kurdistango Gizarte Demokratikoaren Alderdia legez kanporatu eta desegin zutenetik, «indarkeria bultzatzea» egotzita. Orain, ordea, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Ankara zigortu du, argudiatuta Turkiako Auzitegi Konstituzionalak ez zuela nahikoa froga aurkeztu alderdia legez kanpo uzteko, eta hiru hilabeteko epea eman dio helegitea aurkezteko. Horrez gain, nabarmendu du DTP alderdiak ahalegina egin zuela kurduen auzia «bide baketsuetatik konpontzeko».
«Herrialdearen batasunaren kontrako ekintzak sustatzea» eta PKK Kurdistango Langileen Alderdiarekin lotura izatea egotzita, alderdi politiko kurdua kanporatzeko eta desegiteko eskatu zuen Ankarak 2009an; Auzitegi Konstituzionalak legez kanpo utzi zuen DTP, eta bost urtez politikan aritzea debekatu zien alderdiko 37 parlamentariei. Horrez gain, DTPko ordezkari Ahmet Turk eta alderdiko buru Aysel Tugluk Turkiako Parlamentutik bota zituen; hamalau urteko kartzela zigorra ezarri zion auzitegiak Tugluki.
Europako Giza Eskubideen Auzitegiak, sei urteren ondoren, gertatua gaitzetsi, eta erantzun egin du: Turkia zigortuko duela jakinarazi du. DTP kanporatuta Ankarak bi arau urratu zituela azaldu du Europak. Batetik, 11. artikulua, biltzeko eta elkartzeko askatasunari buruzkoa, eta, bestetik, 3. artikulua, hauteskunde askeetarako eskubidearena.
Berandu bada ere
Aho batez onartu du erabakia auzitegiak. Ebazpena ematearekin batera argitu du Turkiak orain sei urte emandako argudioak ez direla nahikoa inola ere DTP alderdiaren jarduna oztopatzea justifikatzeko, eta agerraldietan ez zuela «indarkeriaren erabilerarik» edota «altxamendurik» akuilatu. Kurduen auziari irtenbide baketsua ematearen aldeko eragile politiko gisa deskribatu du DTP alderdi ezkertiarra Europako Giza Eskubideen Auzitegiak. Gehitu du kurduen burujabetzaren aldeko alderdiak esku artean zituen proiektu politikoak bateragarriak zirela gizarte demokratiko kontzeptuarekin.
Isunak ere agindu ditu Estrasburgok (Frantzia). Turk eta Tugluk parlamentari ohiei 30.000 euro ordaindu beharko dizkie Turkiak «eraginiko kalte guztiengatik», eta Ahmet Ay DTPko kidearentzat, 7.500 euro «diru kalteez besteko kalteengatik». Turk eta Tugluki beste 3.000 euro ere ordaindu beharko dizkie «gastu eta kostuengatik»; eta arrazoi beragatik Ayri 1.000 euroko kalte-ordaina pagatu behar diola ere zehaztu du.
«Gobernua beldur da gaur urrats bat eginez gero bihar burujabetza izatea eskatzeaz», adierazi zion BERRIAri Serkan Akbas DTP alderdiko nazioarteko arduradunak 2009an, auzian aurrera egiteko garairik itxaropentsuenetako batean. Baina haien susmoa bete egin zen, eta bi egunera agindu zuen Turkiak alderdia desegiteko. BDP eratu zuten ondoren, eta HDP koalizioa 2012an. Kurduen aurkako jazarpena, ordea, etengabea da oraindik. Turkiaren «sarraskiak» jarraitu egiten du.
Kurdistan
Europak Turkia zigortu du DTP alderdi kurdua legez kanporatu izana egotzita
Giza Eskubideen Auzitegiak ebatzi du Ankarak ez dituela frogatu DTPren aurkako akusazioak. Turkiarentzat hainbat isun agindu ditu Estrasburgok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu