Europako Batasuna «aitzindaria» izatea nahi dute munduari begira

AEBei, Txinari, Indiari eta beste hainbat estaturi klima aldaketaren kontra hasteko eskatu die EBk

2007ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Beren burua goratzeko aldarrikapenetan ez ziren mantso ibili atzo EBko agintari gorenak Bruselako goi bileran adostutako erabakiak ahotan hartzean. Klima aldaketari aurre egiteko neurrietan Europako Batasunak «aitzindari» izan behar duela nabarmendu zuten. Lortutako akordioekin bide berri bat urratu dutela nabarmendu zuen Alemaniako kantziler Angela Merkelek: «Testu honek, benetan, bide urratzaile jarduera emango dio Europari». EuropakoBatzordeko presidente Jose Manuel Barroso ez zen umilago mintzatu: «Aldi batez berriro munduari esan ahal izango diogu aitzindari gisa jokatzen ari garela eta gure urratsetatik ibili daitezkeela besteak».

Agintari kargua aurki utziko duen Erresuma Batuko lehen ministro Tony Blairrek ere goraipatu zuen Bruselako goi bileran adostutakoa. «Lan asko egitera behartuko gaitu konpromiso hauek betetzeak, baina hori egitearekin, osogarrantzi handiko alor batean europarrak aitzindari gisa jarriko gara» , eman zuen aditzera.Gobernuburu britainiarrak esan zuen EBk lortutako akordioa baliagarri izan daitekeela AEB Ameriketako Estatu Batuak, Txina edo India ere lotzea klima aldaketaren kontrako borrokari.



EKAINEAN BERLINEN.Blairrek gogorarazi zuen ekainean Berlinen G-8ko estatuek--munduko herrialderik aberatsenak-- egingo duten goi-bileran klima aldaketa garrantzi handiko auzia izango dela, eta aukera izango dutela hitzartutako erabakiak ahotan hartu eta «nazioarteko akordio zabal bat» abian jartzeko.

Agintari asko ari dira gogora ekartzen iragan hilabeteotan, 2012 arteko epemuga duela egun berotegi efektua eragiten duten gasen isuria mugatzeko indarrean dagoen protokoloak --Kyotoko ituna--, eta haren ordezkoa berandu baino lehen diseinatu behar dela. NBE Nazio Batuen Erakundeak ere kezka handia azaldu du Lurraren berotzearen inguruan, eta abenduan Balin (Indonesia) egingo den Klimaren Konferentzian mundu osoko agintariak lanerako prestu nahi dituela jakinarazi du idazkari nagusi Ban Ki-moonek.

Aski garrantzitsua izango da AEB Ameriketako Estatu Batuak erakartzea. Munduan gehien kutsatzen duten herrialdea dira, baina jarrera uzkurra erakutsi dute orain arte klima aldaketarekin lotutako gaien inguruan. Kyotoko protokoloa herrena izan da haiek gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.